Eusko Alkartasunak ez ditu begi onez ikusten EAE-ANVko udal gobernuak kargutik kentzeko EAJk eta PSEk aurkeztutako mozioak, eta kritikatu du jeltzaleek sozialisten menpe jarri dutela euren estrategia politikoa. Unai Ziarreta EAko presidentearen irudiko, arrazoi etikoengatik bainoago, «estrategia politiko hutsagatik» bultzatu nahi dituzte sozialistek mozio horiek. «Aitzakia» moduan ari dira erabiltzen mozioak sozialistak.

Popularrak «diskurtsorik gabe» utzi, eta EAJ Estatutuaren mugen barruan lekua izango duen akordio batera «erakartzeko» ari dira erabiltzen sozialistak mozioen «aitzakia», Unai Ziarretaren aburuz.

EAE-ANVko hautetsien aurkako zentsura mozioen harira alderdien artean sortutako ika-mikari buruz EAren jarrera finkatu du Ziarretak. Azaldu duenez, Arrasateko alkatearen aurkako zentsura mozioa onartzeko ez da oztopo izango bere alderdia, beti ere udaleko gobernabidea bermatzeko akordioa lortzen baldin bada. Alabaina, EAk ez ditu babestuko EAE-ANV alkatetzetatik kentzeko beste udaletan aurkeztuko diren mozioak, uste duelako ezker abertzalea baztertzea «iraganera» itzultzea dela eta horrek ez duelako konponbidea ekarriko.

EAE-ANVren aurkako mozioen atzean Ajuria Eneako Itunera bueltatzeko asmo garbia ikusten du Ziarretak, eta itun horrek gatazkaren konponbidea areago aldendu zuela gogoratu du. Hala, azpimarratu du EAk ez duela babestuko PSOEk bultzatutako eta PPren oniritzia bilatu nahi duen «terrorismoaren aurkako» politikarik. «Konponbidea elkarrizketaren eta normalizazio politikoaren bidez etorriko da», gaineratu du.

Sozialistak jeltzaleak erakartzeko egiten ari diren ahalegin horretan «Ardanza garaietara» itzultzeko saioa sumatzen du EAko presidenteak. Bere irudiko, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak negoziazioaren eta elkarrizketaren bidea itxitzat eman du, eta PP eta EAJ Ajuria Eneako ituna berreskuratzeko estrategiara ekarri nahi ditu. Haatik, ohartarazi du PSOEren eta EAJren arteko akordio huts batek ez duela bermatuko normalizazio politikoa.

Mozioen inguruan sortutako polemikak alderdien benetako jarrera zein den agerian utzi duen «argazkia» dela iritzi dio EAko buruak. Eta argazki horretan EAE-ANV «desenfokaturik» agertzen dela kritikatu du. Bere ustez, ETAren erruz dago desenfokaturik alderdi abertzalea. Izan ere, Ziarretak iritzi dio erakunde armatuak «alfonbra gorria» jarri diela PPri, PSOEri eta Auzitegi Nazionalari EAE-ANVko hautetsien aurkako ekimenak abiatu ditzaten. Horren ondorioz, EAko presidenteak uste du ezker abertzaleak ez duela gaitasunik «lehen mailako eragile politikoa» izaten jarraitzeko, ez baitu besteen saminaren inguruan elkartasuna adierazten.

Lotura: Lotura bisitatu
Jatorria: Unai Ziarreta