Karmele Antxustegi Eusko Alkartasunako legebiltzarkidea Bizi garen gizarte honetan hiritar gehienok entzuleok gara eta gutxitan ohartzen gara gorrek, euren minusbaliotasun honengatik, egunez egun jasan behar dituzten arazoez. Entzuleoi hain sinplea eta naturala zaigun entzumenik ezak gorren bizitza osoa baldintzatzen du: Zeinu Hizkuntza erabiltzen dute eta komunikazio-hesi handiak aurkitzen dituzte egunero horren ondorioz. Isilpeko hizkuntza da gorrena, batetik, eta normala denez, soinurik ez duelako; baina, bestetik, eta hortxe egon da arazoa, inoiz ez delako ofiziala izan. Hau ez da arazo formal hutsa, ezta pentsatu ere. Alta, Zeinu Hizkuntzak aitorpen ofizialik izan ez duenez gero, asko dira gainerako hiritarrok ditugun eskubide berberak erabiltzeko aukerarik izan ez duten pertsonak. Estatistika Institutu Nazionalak (INE) 1999an eginiko inkestaren emaitzen arabera, Hego Euskal Herrian 54.000 baino gehiago dira entzumen-urritasuna duten pertsonak, oso kontuan hartzeko kopurua eta ‘normala’ izango bailitzan onartu ezin dezakegun arazoa. Hitz batean esanda, ezin gara isilik geratu.
Bizi garen ‘normaltasun’ honetan oinarrizko eskubideak ukatzen ari zaizkie, neurri handi batean, milaka lagun hauei, eta gainera ia inork ahotsa altxatu barik. Ezinbestekoa da egoera hau gogoraraztea eta salatzea. Gorrek ezin dituzte oinarrizkoak diren hainbat eskubide behar bezala erabili: Informaziorako eskubidea, esaterako, funtsezkoa nortasuna garatu eta gizarte honen parte aktiboa izatearren; aisialdirako eskubidea, euren beharrei egokitutako eskaintza oso urria baita, ia-ia ur-tanta bat basamortuan, bai zineman, bai telebistan, bai Interneten, oso adierazgarriak diren hiru adibide aipatzeagatik; hezkuntzarako eskubidea, Eusko Jaurlaritza aurrerapausu handiak ematen hasi bada ere, gabeziak oraindik nabarmenak baitira, batik bat arautu gabeko heziketan, Lanbide Heziketan eta Unibertsitatean.
Gorrek ez dute entzuten, ez, baina ikusi bai, eta urte askotan zehar Administrazioaren ahaztea ikusi behar izan dute, bai eta pairatu ere; botere publikoek, ordea, kolektibo honen aldarrikapenak entzun, bai, entzun dituzte, baina ez diete jaramonik egin eta ez dute ikusi, edo ez dute ikusi nahi izan, hobe esanda, gorrek zein egoeratan, instituzioek ahaztuta, hain zuzen, bizi behar izan duten. Eta egoera honen oinarrian, leku protagonista batean, Zeinu Hizkuntza erabiltzeko baliabide falta dago; interprete gutxi dago oraindik eta, ondorioz, gorrek muga handiak aurkitzen dituzte egunero komunikazio arloan.
Hau guztia dela-eta, gizarte hobe bat eraikitzearen alde lan eginez, aukera eta eskubide berdintasunean oinarritutakoa, inolako bazterkeriarik gabekoa eta anitza, aberastasun intelektuala, kulturala eta soziala sustatuko duena, alegia, Eusko Alkartasunak duela urtebete Diputatuen Kongresuan Legez Besteko Proposamen bat aurkeztu eta Zeinu Hizkuntza arautu ez ezik, Konstituzioaren 3.1 artikulua aldatuz, izaera ofiziala eman ziezaiola ere eskatu zion Estatuko Gobernuari. Ekimen haren bitartez, EAk gorren eskubideak bermatzea zeukan helburu: hezkuntza eta formakuntzarako eskubidea, maila pertsonalean zein profesionalean, eta beraiek hautatutako hizkuntza erabiliz informazioa jasotzeko eskubidea. Eusko Alkartasunaren proposamen hura, 2004ko abenduaren 3an aho batez onartutakoa, ildo horri jarraituz Ministro Kontseiluak hil honen 13an onartu berri duen Lege Proiektuaren jatorrian dago. Beraz, Eusko Alkartasunak bere poza agertu eta gizarte osoari zorionak eman nahi dizkio lege berri baten atarian gaudelako. EAk, gainera, honako konpromiso hau hartu nahi du gizarte osoaren aurrean: adi egongo gara beti legeak gor guztien eskubideak modu efektibo batean bermatzen dituela ziurtatzearren.

Jatorria: Karmele Antxustegi