“Ongizate Estatuaren aldeko jarrera irmoa adierazteko unea da, eta ez alderdikeriaz jokatzeko”, nabarmendu du EAk.

PSOEren Gobernuak iragan ostegunean onartu zuen defizit publikoa murrizteko ezohiko neurrien lege-dekretuaren aurrean Kongresuan abstenitzea Zapateroren politika ekonomikoari eta gizarte murrizketei abala ematea da, ohartarazi du EAk. Bere iritziz, dekretu horri, erantzun taktiko baten ordez, erantzun politiko ideologikoa eman behar zaio, murrizketa horien helburua defizit publikoa sektorerik ahulenen lepotik jaistea baita.

“Une honetan Ongizate Estatuaren aldeko jarrera irmoa adierazi behar da, hau ez baita alderdikeriaz jokatzeko unea”, nabarmendu du EAk. Beraz, erantsi du, “EAJk edo beste alderdiren batek abstentziora jotzen baldin badu, ez du PSOEren Gobernua indartuko, baizik eta haren politika sozial eta ekonomiko kaskarra saritu eta gizarte osoaren bizi baldintzak eta eskubide sozialak ahuldu”.

Jatorria: Eusko Alkartasuna