Nafarroako Lurralde Batzarreko mahaiaEusko Alkartasunaren Nafarroako Lurralde Batzarrak Xebe Txoperena Nafarroako Parlamentuko EH Bilduko parlamentaria aukeratu du batzarreko mahaiburu izateko. Eusko Alkartasunak Nafarroan duen afiliazioak erabaki du Txoperenarekin batera Jesus Perurena lehendakariorde eta Andone Salbarredi idazkari lanetan aritzea, mahaikideak bezala.

Lurralde-batzar eratzaile hau Eusko Alkartasunaren Berme Batzordeak otsailaren 6an egindako Nafarroako Lurralde Batzarrean hartutako erabakiak baliogabetu zituelako egin behar izan da. Berme organoak adierazi zuenez, alderdiaren zuzendaritzak salatu zuen bezala, otsaileko batzarrean afiliatu talde batek alderdiaren araudiaren aurka altxatu zen, adin mahaia irregulartasunez osatu zuten, zilegitasunik gabeko batzarreko mahaia adostu zuten eta batzarraren gai zerrenda aldatu zuen.

Nerea Gartzia Nafarroako lurralde koordinatzailea pozik agertu da Lurralde Batzarra estatutuen legezkotasunera itzuli delako, eta estatutuak betetzeko deia egin dio lurraldeko afiliazio osoari. “Funtsezko urrats bat eman dugu, batzarra berriro ere legezkotasunaren barruan, estatutuen barruan, kokatu baitugu. Estatutu horiek dira, hain zuzen ere, gure bizikidetza-arauak, alderdiaren barne-demokrazia bermatzen dutenak”, adierazi du.

Eusko Alkartasunaren estatutuen arabera, “Lurralde Batzarra da alderdiaren jardueraren segimendu politikorako organoa” eta “lurralde-eremu horretako ordezkariena”. Zentzu horretan, Gartziak azpimarratu du lurralde batzarra dela “lurraldeko afiliazio osoak parte hartzeko, bere iritzia emateko eta erabakiak hartzeko lekua, indarrean dauden alderdiaren estatutuek esaten dutena betez”.