Legegintzaldiaren erdian “krisiaren kudeaketan bi bazkideek erakutsi duten sentsibilitate sozial escasa” salatu du

Urte politikoaren amaiera dela eta, eta legealdi erdia igaro denean, Maiorga Ramirez Nafarroako EAko presidenteak egoera politikoari buruzko gogoeta egin du gaur. Bere esanetan, “horrela jarraituz gero, 2007-10 legegintzaldiaren ezaugarri nagusia kontinuismoa izango da ardatz guztietan; izan ere, aniztasunaren aurkako erasoak gero eta ugariagoak dira UPN-PSN bikotearen aldetik eta ongizate sistema gero eta ahulago dago, foru ogasuna bezala, eta ez bakarrik krisiaren ondorioz, baizik eta politika fiskalak eskuinera eramateko joeragatik”.
“Nafarroan egiten ari diren aniztasunaren kontrako eraso larriak eta nafar askorentzat geureak diren nortasunaren ikurrak ezabatzeko eta suntsitzeko UPN eta PSNren obsesioa” salatu ditu foru legebiltzarkideak. “Azken adibidea -esan du- ETBko eguraldi maparekin gertatu dena izan da; ETBk Euskal Herria bere osoan erakusteari utzi dio eta espainiar indar nazionalistak pozaren pozez agertu dira bakarrik beldur obsesibo eta irrazionaletan oinarritzen den erabaki horrekin. Milaka nafarrek zilegitasun eta normaltasun osoz beren egiten duten errealitate ideologikoa eta identitarioa etengabe ukatzen dute eta kriminalizatzen saiatzen dira UPN eta PSN. Beldur diote aniztasunari eta ez dituzte gizarteari begiratzeko beste moduak onartzen eta, horren ondorioz, aukera duten guztietan oposizioko indarrak baztertu eta batzorde eta negoziazio guztietatik kanpo uzten gaituzte sistematikoki, batik bat hiritarren gizarte eskubideen eta aurrerapenaren alde egiten dugunok”.
Maiorga Ramirezen aburuz, “nafar eskuinaren ikuspuntuekin bat egiten ez duten iritzien aurkako jarrera horrek ongizate sistema ahultzea ekarri du ikasturte honetan eta legealdian zehar. Izan ere, zerbitzu publikoen kalitatean sakondu beharrean, UPN eta PSN oso kezkagarria den borondate falta erakusten ari dira gizartearentzat funtsezkoak diren arazoak konpontzeko orduan. Nafarroako Unibertsitate Publikorako hain garrantzitsua den Medikuntza Fakultatea egin gabe dago oraindik, 0-3 urteko zikloaren inplementazioa moteldu da, osasun sistema mistoaren aldeko apustua bezala. 2008ko aurrekontuetako gastuen murrizketari baino ez zaio begiratu behar, murrizte horren eragin nagusia gizarte gaietan pairatu dela ikusteko, eta horretarako UPN eta PSN ados jarri ziren berehala”.
“Egoera honek dakartzan ondorioak -dio Ramirezek- biderkatu dira krisi ekonomikoaren eraginez. UPN eta PSN Legebiltzarraz kanpoko batzordeetan murgildu dira, oposizioaren parte-hartzea debekatuz, egoera ekonomiko larria edulkoratzeko eta Gobernuaren neurriek ez dituztela emaitzak ematen ezkutatzeko asmoz. Horregatik, BEZaren bitartez bildutako diru-kopurua jaitsi dela ikusita eta Ondarearen gaineko Zerga desagertu dela kontuan hartuta, harrigarria da ikustea nola UPNk eta PSNk erreforma fiskal sakon baten beharra ukatzen duten behin eta berriz, horixe baita bidea ongizate sistema, zerbitzu publikoak eta aberastasunaren birbanaketa bermatzeko”.
Nafarroako EAko presidentearen hitzetan, “labur esanda, urte politiko honi eta legealdiari buruzko azterketan agerian geratzen da UPNren eta PSNren arteko akordioak eta elkarlanak ez dutela inolako aurrerapausorik ekarri 2007an aldaketarako beharra justifikatzen zuten arloetan. PSNk ez dio errealitateari aurre egiten, antzeztu baizik, eta horrela oposizioa egiten du UPNri PPrengandik aldentzeko exijituz, baina UPNk PPren politika bera egiten duela kontuan hartu nahi izan gabe. Are gehiago, PSN funtsean politika horrekin ados dagoela argi geratzen da, Euskal Autonomia Erkidegoan PSEren eta PPren artean gertatzen den bezalaxe”.

Jatorria: Eusko Alkartasuna