Unai Ziarreta Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak parte hartzen du aste honetan, asteartetik ostegunera bitartean, Magdeburgon (Alemania), Eusko Legebiltzarreko Europako Gaietarako eta Kanpo Harremanetarako Batzordeko lehendakari gisa, NORPEC Europako Legebiltzar Erregionaletako Batzordeen Sarearen bileran. Nekane Altzelai EAko legebiltzarkidea ere bada euskal ordezkaritzaren barruan.
NORPEC sarea legegintza-ahalmen berdintsua duten legebiltzar azpiestatalek sortu zuten 2002an, Europako Batasunaren eremuan esperientziak partekatzeko. Eusko Legebiltzarreko Europako Gaietarako eta Kanpo Harremanetarako Batzordea 2004an sartu zen erakunde honetan, eta bertan Katalunia, Eskozia eta Saxonia-Anhalt-eko Legebiltzarrekin egiten du lan.
NORPECen helburua topagune bat eratzea da, informazioa trukatzeko eta elkarrekin lan egiteko Europako instituzioei eta erakunde azpiestatalek erakunde horietan parte hartzeari dagokienez.
Egunotan Magdeburgon egiten ari diren bileretan NORPECen lan egitarauan emandako aurrerapausuak aztertu eta sarean nola bultzatu lana eztabaidatuko dute.

Jatorria: Unai Ziarreta