Unai Ziarreta, EAko presidentea Unai Ziarreta EAko presidentea, Rafa Larreina Antolaketa idazkaria eta Mikel Irujo europarlamentaria EBko Giza Eskubideen Auzitegian izan dira gaur, Estrasburgon, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak debekatu egin zuelako EAEko Galdeketa Legea.

EAk agindutakoa bete du gaur: Europa Batasuneko Giza Eskubideen Auzitegian Espainiako Gobernuaren kontrako helegitea jarri du, Estrasburgon (Frantzia), Espainiako Auzitegi Konstituzionalak debekatu egin zuelako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako galdeketa. Joan den irailaren hasieran Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak iragarri zuen hori egingo zuela. Ez zuen egin.

EAren ustez, debekuak pentsatzeko eta adierazpen eskubideak urratu ditu, besteak beste. Horretaz gain, alderdiak dio galdeketa hura ez zela juridikoki lotzailea izango, herritarren iritzia jasotzea besterik ez zela nahi.

Eusko Legebiltzarrak 2008ko ekainaren 27an onartu zuen EAEn kontsulta egiteko Galdeketaren Legea (gehiengoa osoa lortzeko, EAJ, EA, EB eta Aralarren botoak ez ezik, EHAK-ko batena ere jaso zuen legeak), eta gero Espainiako Auzitegi Konstituzionalak debekatu egin zuen. Iazko urriaren 25ean egitea nahi zuten galdeketa. Ibarretxek zioen Konstituzionalaren erabakiak “pentsatzeko, adierazteko eta elkartzeko eskubideak urratzeagatik” sartuko zuela salaketa. Unai

Ziarreta presidentea, Rafa Larreina Antolaketa idazkaria eta Mikel Irujo europarlamentaria izan dira EAko ordezkariak gaur Estrasburgon, eta aurrenak adierazi du “lehenago edo beranduago” egin egingo dela galdeketa. “Hortik etorriko da Euskal Herriko gatazkako konponbidea”.

Espainiako Gobernuak erabaki eskubidea onartzeko “[ETAren] indarkeriarik gabeko metaketa lana” egin behar dela esan du Ziarretak. “Orduan haren jarrera defendiezina izango da munduan”.

PDF: Ikusi PDFa
Lotura: Albistea Berria egunkarian
Jatorria: EA/Berria