Eman botoa beste modu batean leloa zuen pankarta erraldoia agertuz hasi zuen Eusko Alkartasunak udal eta foru hauteskundeetako kanpaina, Bilbon duen egoitzan. Begoña Errazti alderdi buruak helburu argi bat adierazi zuen: Bakea eta normalizazioa Euskal Herriarentzat, «ahaztu barik udaletatik eta Batzar Nagusietatik egitea posible dela». Euskal Herriko gizarte eta lurralde kohesio egitasmoarentzat eskatu zuen Erraztik botoa: «Helburua garrantzitsua da, ezinbestekoa momentu historiko honetan».

Bilboko alkatetzarako EAko hautagai Jon Aritz Bengoetxeak hiri desberdina proposatu zuen: «Euskal Herriko hiri erreferentea izan nahi dugu, hiri euskalduna, soziala, jasangarria, hezitzailea, parte-hartzailea eta aktiboa». Era berean, gazteei eta laguntza gutxien duten gizarte taldeei etxebizitza plan bereziak zuzentzeko asmoa adierazi zuen Bengoetxeak. Lan arloan ere, bigarren sektorea sustatzea proposatu zuen alkategaiak: «Zerbitzuetarako ez ezik, bigarren sektorerako lekua ere baduen hiria izan behar du Bilbok, industria teknologiko modernorako, Euskal Herrian aberastasun gehien sortzen duen sektorerako hain zuzen».

Bizkaiko Foru Aldundiarako EAren zerrendaburu Ricardo Barainkak ere gazteen egoera bideratu beharra azpimarratu zuen. Etxebizitzaren arazoa konpontzeko, «sozietateen gaineko zerga etxebizitzara zuzentzea» proposatuko du EAk.

Jatorria: Begoña Errazti