Tontxu Campos (Ekonomi Sustapeneko Bizkaiko foru diputatua eta Eusko Alkartasuneko kidea) Oraintsu
aurkeztu dugu gure ekonomiarako izugarrizko garrantzia duen eta mugak gainditzen
dituen egitaraua. Sustatu egitaraua garrantzitsuena da egun Europako Elkartean
dauden enpresa berritzaileen ikerketa eta garapenerako laguntzak eskaintzen
dituenen artean. Aurkezpenean aipatu nuen ideia hori eta orain berretsi behar
dut.
Izaera berritzailea
duten enpresa-ekimenetarako zazpi milioi eta erdi euro emango ditugu; eta horrela,
197 enpresa berri eta 1.680 lanpostu sortuko dira.
Sustatu 2002 egitarauan
izaera berritzailea erakusten duten enpresa-ekimenek parte har dezakete. Guk
ondoren aipatzen diren enpresen aldeko apustua egin dugu: enpresa berritzaile
berrien alde, oinarri teknologikoko enpresa berrien alde, informazioaren gizartearen
inguruko enpresa berrien alde eta, jakina, arreta berezia emango diegu emakumeek
sortu dituzten enpresa berriei. Erreferentzia gisa Sustatu Bideberri eta Sustatu
Kide aipa daitezke. Horretaz gain, Sustatu e.bit-en informazioaren gizartearen
inguruan enpresa bat sortu nahi duen ekintzaile gazte orok eskura ditzake Bizkaiko
Foru Aldundiaren Ekonomi Sustapenerako Sailaren laguntzak; baldin eta 35 urtetik
beherakoa bada. Jendeari aukera horiei guztiei buruz eskaintzen diogun informazioa,
hain zuzen ere, ezinbestekoa da —proiektu guztiak, gure kasuan berritzaileak,
enpresa ekimen berriak— bideratu daitezen. Horretarako, arestian aipaturiko
hiru taldeak eskaintzen ditugu: Sustatu Bideberri (izaera berritzaileko enpresa-ekimena
dutenentzat, Bizkaian erroldatutakoak badira); Sustatu Kide (oinarri teknologikoko
enpresa berriak, informazioaren gizartearen inguruko enpresa berriak eta emakumeek
sortutako enpresa berriak) eta Sustatu e.bit, aurrerago aipaturiko ezaugarriak
betetzen dituzten gazteentzat. Azken finean, hiru taldeon helburua ideia berritzaileak
dituzten eta horiek abian jarri nahi dituzten pertsonei laguntzak lortzeko aukera
ematea da. Erakundeak laguntza ematen du, eta Sustatu-k egiten duen lanaren
adierazgarritzat kopuru batzuk eman behar dira: 2000. urtean sortu genuen egitarau
hau, eta ordutik urte bakoitzean 2.300.000 euro baino gehiago banatu ditugu
zuzeneko diru-laguntzetan; urte bakoitzean 150 egitarau bultzatu ditugu, enpresa
bakoitzean batez beste sei lanposturekin eta 180 mila euroko inbertsioarekin.
Izaera berritzaileko ideia edo ekimen bat duten guztiak egitarau honetan parte
hartzera animatzen ditut. Nire ustez, guztion artean Bizkaia eta Euskal Herri
osoa hobetzen jarrai dezakegu, lanpostu iraunkorrak sortzen lagun dezakegu eta
aberastasuna sortzen ere lagun dezakegu.
Jatorria: Eusko Alkartasuna