Batez ere gazteen artean asko hazi diren sustantziarik gabeko menpekotasunei –jokoa eta kirol apustuak gehien bat- aurre egiteko tresnak eskatu dizkio Eva Blancok Eusko Jaurlaritzari. Legebiltzarkidearen ekimenean oinarritutako proposamenak Gabararen aho bateko adostasuna lortu du: Adikzio berrien eraginei buruzko informazioa lortu, plangintza osatzeko eta hura Menpekotasunen VII Legean txertatu dadin.

Legebiltzarreko presidenteordea den Blanco menpekotasun guztiekin kezkatuta agertu da, “batez ere egun ikusten ez diren horiekin, sozializatzeko modu bezala ikusten direnekin: Kirol apustuak, online jokoak eta apustu aretoak”. Aldatzen ari den gizartearen menpekotasun berriak dira eta erakundeek ez dute aurre egiteko beharrezkoa den informazioa.

EH Bilduko legebiltzarkide eta EAkideak datuak eman ditu arazoaren tamaina erakusteko: 245 joko areto daude EAEn, 48 apustu areto, 16 bingo eta 2 kasino; Azken urteetan gainera asko igo dira mota horretako lokalak; 12 eta 22 urte bitarteko gazten herenak apustu egin du noizbait; Lege berriaren arabera bi apustu areto egon beharko lirateke Bilbon eta zortzi daude.

“Menpekotasun berriei benetan aurre egiteko datuak eta erakunde ezberdinen lana behar da”, esan du Blancok. Sustantziarik gabeko menpekotasuna sortu dezaketen lokalen mapa eta horiek jendartean –eta gazteen artean gehien bat- duten eragina dira legebiltzarkideak jasotzea proposatzen duen datuetako batzuk.

Era berean, gaurko Osoko Bilkurako beste puntu batean osasun arloko lehen arretako giza baliabideak ondo antolatzearen garrantzia defendatu du, “ez bakarrik profesionalengan eragina duelako, baizik eta gaixoaren onerako ere delako”. Eusko Jaurlaritzak, adierazi du, “giza baliabideak, langileen profilak, dauden baliabideak eta gaixoen beharrak” adostu behar ditu langileen ordezkariekin Lehen Arreta planifikatzeko.