EH Bilduk proposatuta, Idurre Bideguren senatari autonomikoa aukeratu du Eusko Legebiltzarrak hauteskunde autonomikoen osteko lehen osoko bilkuran. Era berean, eta bilkuran bertan, Eba Blancok, Eusko Alkartasunako idazkari eta Legebiltzarreko Mahaiko bigarren lehendakariordeak, alderdiek adostutako ganbarako araudian Covid 19k sortutako egoerara egokitzeko helburuarekin egindako urgentziazko aldaketak defendatu ditu.
“Salbuespen egoeran”, esan du Blancok, “salbuespenezko neurriak hartu behar dira”, eta pozik agertu da, egoerari erantzuteko akordioak lortzea posible izan delako.
Legebiltzarkideen parte-hartze politikorako eskubidea bermatzen dute gaur onartutako aldaketek, bai eta Gobernuaren kontrol eta laguntze lanak bide telematikoz ere egin ahal izatea ere. Era berean, eta PPren ekimenez eztabaidatu den beste puntu batean, eta gaur onartutako urgentziazko aldaketetatik haratago, Legebiltzarreko araudia aldatzeko ponentzia eratzea erabaki da. EH Bildu abstenitu egin da puntu horretan, Eba Blancok azaldu duenez, gardentasuna bermatu eta Gobernuaren jarduna kontrolatzeko legebiltzarkideen lana erraztu beharko lukeen aldaketa egitea oso zaila izango baita: “EAJk eta PSEk duten gehiengoaz baliatuko dira aldaketak mugatzeko”.
“Pribilegiatuak gara”, aitortu du Blancok, “zailagoa izango da Covid 19ak industrian, langileengan, osasun sisteman, hezkuntzan eta zaintzan utzi dituen ondorioei aurre egitea”.
Bidegurenek, Bermeoko alkate ohiak, Senatuan egiten ari den lanarekin jarraituko du, hauteskunde autonomikoen ostean arauari begira derrigorrezkoa den gaurko tramitea eta gero.
Blanco 1