EAEko Ingurumen sailburuak uste du ez dutela aintzat hartu «industriak egin duen ahalegina»
Espainiako Gobernuak astelehenean onartu zuen CO2a isurtzeko eskubideen Esleipen Plan Nazionala «osatu gabe» dago. Hala uste du, behintzat, Eusko Jaurlaritzak. Izan ere, Espaniako Gobernuak gai horren inguruan Europako Batasunak onartutako araua bakarrik bete du, eta, hortaz, isurtzaileen zati bat besterik ez du arautu: gutxien isurtzen dutenen ingurukoa(%40).

Sabin Intxaurraga EAEko Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuak eta Ana Agirre Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak atzo aurkeztu zuten plangintza horri buruz Jaurlaritzak egindako behin-behineko irakurketa. Azaldu zutenez, esleipen plangintza hori osatugabea ez ezik, «zehaztasunik gabekoa» da eta «ez du aintzat hartzen industria alorreko enpresek isurketak gutxitzeko orain arte egin dituzten ahaleginak».Intxaurragak bereziki gogoratu nahi izan zuen bere garaian, Garapen Iraunkorraren Euskal Ingurumen Estrategia onartu zutenean, Jaurlaritzak «konpromiso garbia» erakutsi zuela Kyotoko Protokoloan agintzen zirenak betetzeko. Esleipen plana ondo aztertzeko Jaurlaritzak aste bi beharko dituela aurreratu zuen, denbora horretan bertoko enpresetako ugazabekin batu eta erantzun bateratua egiteko.Ingurumen sailburuak aurreratu zuen, hala ere, esleipen plan hori ez dela «nahikoa Kyotoko agindua betetzeko». Bere arabera, esleipen plan horrek CO2 igorpenen %40 eragiten duten sektoreak bakarrik aintzat hartu ditu: burdingintza, papergintza, zementu ekoizpena, beira-zeramika, energia eta petrolio findegiak. Gainerako isurtzaileak garraioa eta etxebizitzak, batez ere inoiz egingo den Ekintza Planerako utzi ditu Espainiako gobernuak, baina Intxaurragak berak nabarmendu zuenez, «plan horren edukiaren gaineko berririk ez daukagu, batere».«Uste dugu premiazkoa dela alor bi horietan ere eragitea, horiei buruzko datuak kezkagarriak direlako», esan zuen Intxaurragak: «Garraioak hamabi urtetan, 1990tik 2002ra, %70 areagotu ditu CO2 igorpenak herrialde honetan, eta etxebizitzen igorpenak handitzea %28koa izan da», jakinarazi zuen.

Industriaren «ahalegina»

Jaurlaritzakoen ustetan, Espainiako Gobernuak «ez du aintzat hartu» EAEko industria-sektoreak «ahalegina» egin duela igorpenak gutxitzeko. Intxaurragak esan zuenez, «produkzio hazkundea %43 handitu denean industriagintzako enpresek %25 gutxitu dute isurtzen duten CO2a».

Ana Agirre Industria sailburuak azaldu zuenez, «zuzena» da esleipen planak energia eremuari lehentasuna ematea, «alde hori izan delako igorpenak areagotu dituen eragileetako bat, %59 gehiago 1990tik 2002ra, hain zuzen», azaldu zuen. Bai Agirrek, bai Intxaurragak argi utzi zuten energia ekoizleentzat zentral termikoak berrituz eta energia berriztagarriak sustatuz errazagoa dela igorpenak gutxitzeko neurriak hartzea.Garraioak berotegi-efektuan duen eragina gutxitzeko, «garraio ohiturak aldatu» egin beharko direla aitortu zuen sailburuak, errepidean oinarritutako ereduak %70 areagotu dituelako urteotan gas igorpenak. «Guk trenbidearen aldeko apostua egiten dugu, hori delako izan dezakegun eredurik azkarrena eta garbiena. Eta ez gara hasiko orain Euskal Y-az berba egiten…», gaineratu zuen.Intxaurragak aurreratu zuen Jaurlaritza datozen egunetan batzartuko dela esleipen planaren eragina izango duten industria-sektoreko ugazabekin, «euren iritzia jaso eta auzi horren gaineko jarrera bateratu bat lortzeko». Sailburuak argi utzi zuen ez dela hori izango «esleipen plan alternatiboa, Espainiak proposatu duenari EAEtik egingo zaion proposamena baino», gaineratu zuen.Agerraldia amaitu aurretik, Intxaurragak «kezkak» bazituela adierazi zuen: Espainiako gobernuak onartutako Esleipen Plan Nazional hori «ez ote den aitzakia izango, berriro ere autonomia erkidegoen esku dauden hainbat eskuduntza berreskuratzeko». Arinago ere halakorik gertatu izan dela gogoratuz, Intxaurragak aipatu zuen isurketak kontrolatzeko eskuduntza Jaurlaritzarena dela gaur egun.

Jatorria: Sabin Intxaurraga