EAk aurrekontuari buruzko eztabaidan arrabola aplikatzea egotzi die PSEri eta PPri, oposizioarekin zatikako akordioak lortzen ere saiatu ez baitira.

Eusko Alkartasunaren iritziz, Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari egindako zatikako zuzenketen eztabaidak agerian utzi du gaur Legebiltzarrean PSE eta PP errebantxa gogoak mugiarazten dituela, eta ez bakarrik euren izaera nazional espainolak, Anton Damborenea PPko legebiltzarkideak aitortu duenez. Bi alderdi horiek hitzartu dituzten aurrekontuen argamasa errebantxa gogoa da, eta ez euskal gizarteak egungo krisialdi honetan behar dituen konponbideak bilatu nahia.

Ekintzak hitzen gainetik daude, eta Patxi Lopezen Gobernua elkarrizketaren eta adostasunaren aldeko bere deiak zeharo faltsuak zirela erakusten ari da aurrekontuaren tramitazioan, Euskadik datorren urtean beharko dituen neurriak negoziatzeko eta adosteko aukera izan duenean oposizioarekin hitz egiteari uko egin diolako eta PPk Legebiltzarrean ematen dion gehiengoa baliatu eta arrabola aplikatu nahiago izan duelako.

Jatorria: Eusko Alkartasuna