Unai Ziarreta, EAren presidentea Lopezen euskararen aldeko jarrerak sinesgarritasuanik ez daukala salatu du Unai Ziarretak

 

PSE-EEk Euskara askatasunean izeneko dokumentua publiko
eginez erakutsi nahi izan duen jarrera ez da sinesgarria EAko lehendakari Unai
Ziarretaren ustez. Patxi Lopezen jarrerak eta esanak «kontraesankorrak» direla
dio. PSE-EEren «euskararen aldeko jarrera ez da sinesgarria; marketin hutsa da,
inolako eduki errealik gabea». Eta sinesgarria ez izateaz gain, «euskararen eta
elebitasunaren defentsan atzerapen nabarmena» ere badela uste du EAk. Herenegun
aurkeztutako agiriarekin herritarrak engainatu nahi izatea egotzi dio Ziarretak
Lopezi. Hizkuntz errealitatearen inguruan gezurra esatea ere leporatu dio,
Lopezek euskararen inposizioaz eta gaztelaniaren baztertzeaz hitz egin zuelako.

 

Ziarretak PSE-EEri ohartarazi dio euskarak hitz politen
tokian ekintzak behar dituela. Hala, Lopezen alderdiak euskararen inguruan duen
jarrera salatu du: «Euskararen eta elebitasunaren aldeko neurri zehatzak
hartzeko ordua iristen denean, PSE-EEk atzera egiten du beti». Elebitasunaren
inguruan PSOEk bere Kongresu Federalean onartutakoa ere ez betetzea aurpegiratu
dio. Hezkuntzan elebitasunaren aldeko defentsa egin zuen PSOEk.

 

Desafioa Lopezi

 

Euskararen aldeko jarrera egiazkoa dela erakusteko desafioa
bota dio Ziarretak Lopezi: «Euskararen eta elebitasunaren aldeko Lopezen
jarrera egiazkoa bada, egin behar duen aurrenengo gauza hizkuntza ereduen
erreforma proposamena onartzea da», esan dio, «azken finean, erreforma horrek
PSOEk Kongresu Federalean onartutako ildo bera jarraituko baitu». Lopezen
alderdiak erreforma proposamena «blokeatzeko» jarrera hartzen badu, EAren
iritzian PSE-EEk berriz erakutsiko du hango kideak «ez direla fidatzekoak».

 

Arabako Biltzar Nagusietan EAren bozeramaile Lauren Uria,
bestalde, «erabat ados» dago Lopezekin, euskara «alderdi interesetatik at»
geratu behar dela esatean. Agiri horren ostean, PSE-EEk Araban euskara
sustatzeko ekimenak bultzatzea espero du.

 

Lotura: Albistea Berria egunkarian
Jatorria: Eusko Alkartasuna/Berria