Pello Urizar prentsaurrekoan Pello Urizarrek jeltzaleei egotzi die egun batean Donostian Estatuaren politikaren aurkako manifestazio batean egotea eta hurrengoan Estatu horri karta zuria ematea espainiar nortasunean oinarritutako politika inposatzeko.

Pello Urizar Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak EAJk, PSEk eta Hamaikabatek atzo sinatutako akordioa kritikatu du, horren harira azaldu duenez, “alderdi horiek ‘Egonkortasun instituzionalerako, krisialdi ekonomikoari aurre egiteko eta Euskadin Ongizateari eusteko akordioaz’ hitz egiten dutenean, guk, ordea, adabaki bat baino ez dugulako ikusten, merkadeo politiko hutsa beraiek kontrolatzen dituzten erakundeetan aurrekontuen onarpena ziurtatzeko, alegia”.

Erakunde ezberdinen aurrekontuen inguruan egin diren itunak “oso adierazgarriak eta esanguratsuak” iruditzen zaizkio Urizarri, “egungo egoera politikoa zein den agerian uzten dutelako”. Izan ere, PSOEk eta EAJk Estatuko Aurrekontuak hitzartu dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko kontuak PSE eta PPren botoekin onartuko dira, baina EAJk onarpena ez oztopatzeko konpromisoa azaldu du jada eta, dirudienez, abstenituko da, eta foru mailan ere akordioa aurkeztu dute EAJk eta PSEk.

Idazkari nagusiak salatu duenez, “EAn argi dugu akordioa alderdi horien interesetan oinarritzen dela; adabakia besterik ez da diputazioetan eta Jaurlaritzan aurrekontuen onarpena bermatzeko, eta ez du konponbide eraginkorrik ematen euskal gizarteak egun dituen beharrak asetzeko”.

Urizarren hitzetan, “helburua argia da: bakoitzak bere esparruan duen boterea salbatzea: EAJk, aldundietan; PSEk, Jaurlaritzan. Horri ematen diote lehentasuna, eta aurrekontuetan proposatzen diren neurriak bigarren plano batean geratzen dira, zerbait anekdotikoa balitz bezala, alderdi horientzat garrantzitsuena aurrekontuak onartzea delako, eta ez zer nolako neurriak onartzen diren”.

“Krisi ekonomikoari aurre egin behar zaiola eta, badirudi denak balio duela eta gure nazio aldarrikapenei ere uko egin behar diegula”, salatu du EAko buruzagiak, eta ildo horri jarraituz, gaineratu du: “Guretzat, alderdi abertzalea garen neurrian, ulertezina da ustez abertzalea den beste alderdi batek Legebiltzarrean PSEri eta PPri karta zuria ematea. Ulertezina eta kezkagarria, Euskal Herrian nortasun espainola inposatzeko PSE-PPren politika onartzea suposatzen duelako, baita autogobernuan sakontzeari uko egitea ere”.

EAren iritziz aurrekontu hauek PSOE eta EAJren behar politikoetan oinarritzen dira, Zapaterok PNV behar duelako Madrilen, eta EAJk PSE behar duelako aldundietan. Horrexegatik, salatu du Urizarrek, “merkadeo politiko hutsaren emaitza direlako, aurrekontu hauek ez diote konponbiderik emango krisi ekonomikoari. Hau da, PSEk, PPk eta EAJk eskaintzen digutena hitzarmen alderdikoia eta narrasa baino ez da”.

Estatuaren ofentsiba politikoa ere nabarmendu du agintari subiranistak, “herri hau ez delako krisi ekonomikoa bakarrik pairatzen ari; hemen Estatu espainolaren eraso politiko itzela jasaten ari garelako, eta horregatik atera ginen kalera Donostian, manifestazioan, hilaren 17an. Orduan ere esan genuen EAtik: Estatuaren ofentsiba horri iniziatiba politikoarekin erantzun behar diogu”.

Eta iniziatiba politikoa ere bada Zapaterori Madrilen gauzak ez erraztea, adierazi du EAJren jokaera gaitzetsiz. “Ezin gaitezke egun batean Estatuaren politikaren kontrako manifestazio batean egon, eta aldi berean politika horren arduradunekin akordio batera iritsi. Hori ez da batere koherentea eta, okerrago, gizartea nahasteko balio du bakarrik”, leporatu die jeltzaleei.

“Eusko Alkartasunak, ordea, ez du inolako hitzarmen politikorik sinatuko Euskal Herria normalizatzeko prozesua egunero oztopatu nahi dutenekin. Erabaki hori modu kontzientean hartu dugu jakin badakigulako euskal gizarteak beste akordio politiko, sozial eta ekonomikoak nahi dituela”, azaldu du Urizarrek.

“Eusko Alkartasunak EAJ eta Aralarrekin batera gobernatzen du Arabako Foru Aldundian, baina gaur argi eta garbi geratu behar da gu ez garela sartu eta ez garela sartuko aurrekontu-akordio global batean”, azaldu du. Izan ere, “gure lehentasunak bestelakoak dira: egungo egoera politikoa behingoz gainditzeko konponbideak bilatu eta krisi ekonomikoaren ondorioak leuntzeko formulak aurkitzea”.

Azkenik, Hamaikabat ere hizpide izan du. Esan duenez, “ez gaitu harritzen talde hori ere itun horretan egoteak, azken finean horixe zelako EAJk eta Hamaikabatek beti nahi izan duten akordioa”. Hala eta guztiz ere, bai salatu duela EAJren eta PSEren jokaera, “erakutsi dutelako, euren botereari eusteagatik, transfugekin ere akordioak sinatzeko prest daudela, ezin baitugu ahaztu Hamaikabatek ez duela inor ordezkatzen, inoiz ez delako hauteskundeetara aurkeztu. Kontua da legeak dituen gabeziak baliatu dituela gizarteak inoiz eman ez dion boterea eskuratzeko”.

Jatorria: Eusko Alkartasuna