Orain Presoak dinamikak antolatuta presoen eskubideak aldarrikatzeko bihar Bilbo eta Baionan egingo diren manifestazioekin atxikimendua agertu du Eusko Alkartasunak eta bertaratzeko deia egin die alde batetik bere militantziari eta bestetik euskal jendarteari orokorrean.

Kartzela politikan aurrerapausoak emateko aukera ematen du bizi dugun une politikoak. Orain alderdi politiko guztiek, baita PPk bera ere, presoek giza eskubideetan oinarritutako trataera duina merezi dutela defendatzen dute eta denbora da kartzeletan dauden pertsona eta beren senitartekoen mina handitzen duten urruntzearekin edota gaixo eta adineko presoak espetxean mantentzearekin amaitu behar da. “Gobernuak ezin du iraun intentzio hutsen oinarriarekin, aldaketak egin behar ditu, bestela amortizatua geratuko da berehala”, esan dio Eusko Alkartasunak Pedro Sánchez buru duen PSOEren Exekutiboari.

Euskal preso politikoen eskubideak bete daitezen eskatu eta Espainiako Gobernuari, gutxienez, Legeak ezartzen dituen bermeak betearazi ditzan eskatzeko aukera du euskal gizarteak bihar Bilbo eta Baionako kaleetan. Manifestazioak deitu dituztenen arteko aniztasunak –elkarteak, sindikatuak, norbanakoak,…- euskal gizartea bera eta bere aldarrikapenak ondo ordezkatuta egongo direla bermatzen du.