´Ez du inbertsiorik egiten giza baliabidetan eta baliabide materialetan presoak gizarteratzeko, ez du betetzen eskumenak transferitzeko obligazioa, eta, gainera, ez dago lankidetzan aritzeko prest´, egiaztatu du

Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak PP alderdiaren gobernuak espetxe-kontuetan duen jarrera salatu du, ´nagikeriaz eta jarrera oztopatzaileaz´ baitabil etengabe; izan ere, ez du inbertitzen baliabide materialetan, ezta giza baliabideetan ere, zigorrek presoak gizarteratzearen funtzioa bete dezaten, ez digu uzten eskumenak gure gain hartzeko gogoa betetzen, eta, are gehiago, ez dago laguntzeko prest presoen egoera eta bizi-baldintzak hobetzeko politikak garatzen´.

Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak EAEko kartzeletako emakume presoei buruzko ikerketa, Juana Balmaseda eta César Manzanos egileena, aurkeztu du gaur Gasteizen. Egileek beraiek aditzera eman dituzte Bizkaiko Abokatuen Elkargoko Emakumeen Batzordeak eskaturik egindako eta hasieratik Justizia Sailak bultzatutako ikerketa honen datuak.

Azkarragak aipatu du, bestalde, gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoa mugatuta dagoela espetxe-arloan lan egiterakoan, Espainiako Gobernuak ez baitio eskumena bere gain uzten, nahiz eta, estatutuaren arabera, euskal administrazioaren eskumen esklusiboa izan; erabaki hori, sailburuaren hitzetan, arrazoi politikoei jarraiki hartzen da, argi eta garbi´. Izan ere, ´inoiz ere ez dira transferentzia ukatzeko arazo teknikorik argudiatu, eta behin eta berriro ez entzun egin da Euskal Legebiltzarraren erabakiei; izan ere, gai honetan ere estatutuak agindutakoa betetzeko eskatu baitu´, gogorazi du.

Sailburuak salatu duenez, Justizia Sailaren gura espetxeetako bizi-baldintzak hobetzea eta espetxeen gaineko politika presoak gizarteratzera eta heztera bideratzea bada ere, asmo horrek talka egiten du 1994an Euskal Autonomia Erkidegoko hiru espetxeetan lankidetza-programak garatzeko sinatutako hitzarmena bultzatzerakoan Barne Ministerioak jartzen dituen oztopoekin.

PP alderdiaren politika: gizarteratzeari uko egitea

Bestalde, PP alderdiaren gobernuak bultzatutako eta onartutako Zigor Kodearen arautze berria kritikatu du; ´kasu ugaritan hezteari eta gizarteratzeari uko egitea baitakar´. Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren hitzetan, ´kezkagarria da presoak gizarteratzean izandako porrotei aurre egin nahi egitea politika gogorragoa baliatuta, zigorraren izaera humanista albo batera utzita, eta, mendeku bila dabilen irtenbidearen alde eginez, horrela, ezinezkoa baita delitugileari gizarte-heziketa ematea´.

Azkarragak azaldu duenez, gero eta preso gehiago daude, emakumezkoei dagokienez ere bai. EAEko espetxeek 1.139 pertsona biltzen dituzte une hauetan; horietatik, 78 emakumeak dira.

Egiaztatu duenez, presoen pilaketa benetako arazoa da, eta denboraren poderioz, hori konpondu ezean, gero eta larriagoa izango da. Ildo horretatik, ohartarazi duenez, ´abian jarritako zigor arloko erreforma dela eta, alegia: gobernuaren zigor-arloko politika atzeragarri eta errepresiozkoa, behin-behingo presoaldiko kasuak ugaritzen dituena, dela-eta, gero eta jende gehiago sartuko da kartzeletan, eta, horren ondorioz, zigorrak betetzeko baldintzak txarragoak izango dira´.

Nolanahi ere, iragarri duenez, ´Eusko Jaurlaritzak ez dio inola ere uko egingo, ezta apurtxo bat ere, espetxeen kudeaketa, dagokiguna, eskatzeari, eta, aldi berean, gizarte, heziketa, osasun eta lan-arloan dituen eskumenak erabiliko ditu, askatasunean benetako gizarteratze-prozesuan dauden edo egon zitezkeen pertsonengan albait eraginik egokien izateko. ´Jarraitu egingo dugu -esan du- espetxeetatik kanpoko zigor betetzeei dagokienez lankidetzan aritzen diren elkarteei laguntzen, eta saiatuko gara behar diren baliabideak bideratzen, esate baterako, osasun-arazo espezifikoak dituzten presoak askatzen laguntzeko, edo emakume atzerritarrentzako harrera-pisuak jartzen, baimenak izan ditzaten eta baldintzapeko askatasuna lor dezaten.

Azkarraga sailburuaren berbetan, Eusko Jaurlaritzak konpromiso erabatekoa eta finkoa du bazterketaren aurkako politikekiko, eta ´askatasunik gabetutako pertsonei ere begira dago, kartzelei begira dago, presoen gizarteratzea, gizonena zein emakumeena, funtsezko helburua baita´, eta, hori lortuz gero, ´gizarte moduan goraipatu egingo gara eta bere herriaren alde lan egiten duten pertsonentzat hartuko dugu gure burua´.

Jatorria: Joseba Azkarraga