Posta bidezko botoaren eskaera egiteko epea hauteskundeen deialdei ofiziala egiten den unean hasiko da eta, beraz, inprimakiak 2004ko apirilaren 20tik aurrera egongo dira eskuragarri posta bulegoetan. BOTOA POSTA BIDEZ EMATEKO ESKUBIDEA
ESKAERA NORMALA
GAIXOTASUN EDO EZINTASUN KASUETARAKO ESKAERA
BOTOA POSTA BIDEZ EMATEKO EPEAK
BESTE HAINBAT ALDERDI KOMUN


BOTOA POSTA BIDEZ EMATEKO ESKUBIDEA

Hautesle guztiek eman ahal izango dute botoa posta bidez, bai hauteskunde egunean botoa eman beharreko herrian egongo ez direnek, bai kanpoan egoteko asmorik izan gabe ere botoa emateko sistema hau erabili nahi dutenek.

Halaber, gaixotasunagatik edo ezintasun fisikoagatik botoa emateko lekura joateko arazoak dituzten hautesleek eman ahal izango dute botoa posta bidez.

Atzerrian bizi diren pertsonek tratamendu berezia dute. Bertan ez dauden Egoiliarren Erroldan (BEE/CERA Censo de Residentes Ausentes) inskribatuta dauden hautesleen kasuan, Hautesle Erroldako Ordezkaritza Ofizialak botoa emateko eskubidea erabiltzeko beharrezkoa den dokumentazioa zuzenean bidaliko die. Dena dela, beharrezkoa da pertsona hauek kontsulatu eta enbaxadetan baldintza guztiak betetzen dituztela ziurtatzea.


ESKAERA NORMALA

Eskatzaileak berak aurkeztu beharko du posta-bulegoan. Eskaera jasotzeaz arduratutako posta-funtzionarioak NAN erakustea eskatuko dio interesatuari eta sinadura bat datorrela egiaztatuko du. NAN agiriaren fotokopia ez da ezein kasutan onartuko.

Interesatuak berak posta-bulegora joan behar badu ere, edozein pertsonak bete dezake eskaera-inprimakia. Hortaz, oso garrantzitsua da Alkartetxeetan posta bidezko botorako arreta-bulego iraunkor bat antolatzea. Hiritar asko dira, pertsona zaharrak batez ere, inprimakiak behar bezala betetzeko arazoak dituztenak eta, beraz, boto horiek galdu egiten dira.

´Desea se le envíe la documentación para el voto al siguiente domicilio de España/Botoa emateko dokumentazioa Espainiako ondoko helbidera bidaltzea nahi du´ dioen laukian, 2004ko maiatzaren 24tik aurrera egongo deneko lekuaren helbidea idatzi behar da.

Hautesle Erroldako Bulegoak, maiatzaren 24tik aurrera, botoa emateko dokumentazio guztia bidaliko dio hautesleari, posta ziurtatu bidez eta honek adierazitako helbidera. Dokumentazioa interesatuak berak jaso beharko du bere identitatea egiaztatu ondoren. Botoa emateko gutunazala hautesleaz bestelako pertsona batek entregatu ahal izango du postetxean.


GAIXOTASUN EDO EZINTASUN KASUETARAKO ESKAERA

Eskaera notario-ahalorde bidez baimendutako pertsona batek egin ahal izango du hauteslearen izenean. Hautesleentzat ahalorde bana egingo da. Horrela, bertan ezin izango da hautesle bat baino gehiago barne hartu eta pertsona berberak ezin izango du hautesle bat baino gehiago ordezkatu.

Notarioaren aurrean aurkeztu beharreko dokumentazioa:

1.-Pertsona ezinduaren NAN.
2.- Gaixoa ordezkatzen duen pertsonaren NAN.
3.-Osasun-ziurtagiria. Ziurtagiri honetan ondokoa adierazi behar da ezinbestez:

………………………….. jaun/andrea ezinduta dago, posta bidezko botorako dokumentazioa eskatzeko asmoz, posta-bulegora bere kabuz joateko.

4.- Gaixoaren eta bere ordezkariaren datu guztiak dagokien laukian bezala beteta izango dituen eskaera-inprimakia. Kontu berezia izan beharko da ondokoarekin:

´Desea se le envíe la documentación para el voto al siguiente domicilio de España/Botoa emateko dokumentazioa Espainiako ondoko helbidera bidaltzea nahi du´ dioen lekuan ordezkariaren helbidea jarri behar da (gaixoarena ez).

Notarioak dokumentazioa eskura duenean, bisita egingo dio gaixoari dagokion egiaztapena egiteko eta ordezkariari notario-ahalordea emateko.

Osasun-ziurtagiri ofizialen inprimakiak Eskualde Egoitzatik helaraziko dizkizuegu.

Arazorik ez izateko, izapide hauek ez dira azken unerako utzi behar.

Hautesle Erroldako Bulegoak, maiatzaren 24tik aurrera, botoa emateko dokumentazio guztia bidaliko dio ordezkariari, posta ziurtatu bidez eta honek adierazitako helbidera. Dokumentazioa ordezkariak berak jaso beharko du.

Garrantzitsua da ordezkaria notario-ahalordearen kopia batekin geratzea.


BOTOA POSTA BIDEZ EMATEKO EPEAK

1.- Eskaera: 2004ko apirilaren 20atik ekainaren 3ra.
2.- Botoak jasotzeko epea: 2004ko maiatzaren 24tik aurrera.
3.- Botoa emateko epearen amaiera: 2004ko ekainak 9.


BESTE HAINBAT ALDERDI KOMUN

Atzerrian bizi diren eta Bertan ez dauden Egoiliarren Erroldan (BEE) inskribatuta ez dauden ikasleek ez dute botoa posta bidez ematerik. Inskripzio epea 2004ko maiatzaren 3an amaitzen da.

BEEan inskribatuta dauden eta hauteskundeetan Euskadin dauden hautesleek, botoa posta bidez eman beharko dute. Horretarako, botoa emateko eskaera-inprimakian BEEan erregistratuta daudela jasoarazi beharko da.

Botoa posta bidez emateko eskaera egin ondoren, ez dago hauteskunde egunean botoa ematera joaterik.

Botoa posta bidez emateko dokumentazioa ez da atzerrira bidaltzen (BEEan inskribatuta daudenen kasuan izan ezik).

Posta bidezko botoa eskatzeko zein emateko, argibideak arretaz irakurri behar dira. Argibide hauek posta-bulegoan eta hautesle-erroldan ematen dituzte dokumentu batean.


Jatorria: Eusko Alkartasuna