G7aren goi bileraren mamia eta azala kritikatu du Eusko Alkartasunak: “Muturreko neoliberalismoa inposatu nahi du era antidemokratikoan eta arazo ugari sortu dizkio euskal jendarteari”

Ohikoa duen udako ikastaroa egingo du datozen egunotan Korsikako hiriburuan, Ajaccion, Estatu frantseseko erregio eta nazioak biltzen dituen Regions et Peuples Solidaries-ek (RPS), eta pobrezia eta eskuin muturraren aurako borrokak dira ezarri dituen lehentasun politikoak, Emmanuel Macronen exekutiboaren lanarekin distantziak markatuta. Eusko Alkartasunako ordezkaritza batek parte hartuko du ikastaroetan: Miren Urreztieta, Iparraldeko koordinatzailea; Lorena López de Lacalle, Nazioarteko Politiken idazkaria eta ALEko presidentea; Philippe Duluc, eta Jon Arrizabalaga.

“Populismoa eta eskuin muturraren aurka borrokatzeko, gizarte eta lurralde politika indartsuak” eztabaidan parte hartuko du López de Lacallek. Lurraldetasun kontzeptu berrituaren praktika onen katalizatzaile bezala ALEk duen potentzialtasuna defendatuko du alderdi europarreko presidenteak, eta Eskoziako SNP edo ERC bezalako alderdiko kide diren formazioak garatzen ari diren politika sozialdemokratak azalduko ditu: “Hazkunde soziala eta ekonomikoa gizarte justiziaren ikuspegitik eta era barneratzailean egin daitekeela frogatzen dute”. Presidenteak adierazi duenez, oso interesgarriak diren sozialdemokrazia errealeko politikak garatzen ari dira ALEko alderdiaek, “baina ez dago koordinazio nahikorik. Hori da, hain zuzen, erronka: Teoriatik praktikara pasatzeko eta jendartea guztiarentzat lurralde hobea lortzeko helburuan aurrera egiteko koordinazioa”.

G7ko goi bilera

Miarritzen G7aren goi bilera egiten den bitartean ospatuko da Regions et Peuples Solidaires-en bilera ere, helburu oso ezberdinekin. Kritiko agertu da Eusko Alkartasuna G7aren goi bilera Euskal Herrian egitearekin. Alderdiaren ustez, “bilera horretatik gizarteak dituen arazo sozial eta ekonomikoei konponbidea emateko errezetarik ateratzea ezinezkoa da”.

Eusko Alkartasunako Nazioarteko Politiken idazkariaren ustez, “hiru egunetan zazpi mandatariek hartuko dituzten erabakiak munduko jendarte osoak pairatuko ditu eta hori kezkagarria da oso”. EH Bildu eta EH Baik parte hartuko duten goi bilera alternatiboaren alde mintzatu da Eusko Alkartasunako ordezkaria, eta “salaketa, kritika eta protesta guztiak erabateko bakezaletasunean” egin behar direla azpimarratu du, “biolentzia urteak atzean utziko duen elkarbizitza lortzeko gogor lan egiten ari den euskal jendarteak hori exijitutzen du”.

Euskal jendartea egun hauetan pairatzen ari den ezerosotasun eta askatasun murrizketarengatik kezkatuta agertu da alderdia, baita “deszentralizaziorako urratsa den Elkargoaren gobernua lortu eta gero, Iparraldean frantses zigilua jartzeko setarengatik”.