Jon Lezak, EH Bildu Arabako batzarkideak, pertsona bakar batek ibilgailu pribatua erabiltzeko alternatiben beharra defendatu du, herrialdean herritarrei autoa partekatzea errazteko plataforma-sistema bat sortzeko Elkarrekin Arabak egindako ekimena babestuz. “Jakitun gara horrelako ekimenek ingurumenari dakarkioten onuraz, eta gizarte eraginkorrago eta iraunkorragoa lortzeko bidean aurrerapausoa direla”, adierazi du Lezak.
Arabako batzarkideak onartu du ez dela “jenderik gabeko udalerriak zerbitzu publikoen gabezia handiena dutenak, birpopulatzea lortuko duen neurria”, baina aurrerapausoa da “garraio publikoko geldialdi erregularrik ez duten Arabako eremu zabaletan, garraio publikoan zerbitzuen arteko tarte handiegia dagoenean, ordutegiak beharrekin ez datozenean, gaueko eta asteburuetako zerbitzuetan muga handiak dauden udalerrietan…”. Gainera, azpimarratu duenez, ekimen horrek “ez dakar garraio publikoarekin lehia bat, pertsona bakar batek erabiltzen dituen ibilgailu pribatuekin baizik”.
Egoera aztertzeko eta proposamena garatzeko data jartzeko beharra azpimarratu du Lezak; talde guztiek babestu duten azken akordioan jaso dute eskaera, eta datorren urteko lehen hiruhilekoan finkatu da Arabako Mugikortasun Agintaritzara eramateko muga.
Osoko bilkuraren gai-ordenaren beste puntu batean, Nerea Martinez Arabako Batzar Nagusietan fiskalitatearen ereduari buruz eztabaidatzearen alde agertu da, talde bakoitzak bere proiektua aurkezteko aukerarekin. EH Bilduren ereduak, esan du, “eraginkortasuna, justizia soziala, ekitatea eta benetako progresibitatea defendatzen du, administrazio publikoek eta erakundeek herritarrek dituzten beharrei aurre egiteko eta horiek betetzeko behar besteko dirua izan dezaten”.