Pello Urizar EAko idazkari nagusiak salatu duenez, “Eusko Jaurlaritza espainiar Gobernuaren ordezkaritza bihurtu da eta politika ekonomiko okerrak eta guzti kopiatu dizkio”.

Hauteskunde autonomikoak egin eta urtebetera, Eusko Jaurlaritza espainiar Gobernuaren ordezkaritza bihurtu da, Eusko Alkartasunaren iritziz. Izan ere, Patxi Lopez buru duen Jaurlaritzak bere erabakiak eta euskal gizartearen interesak Estatuaren eta PSOEren interesen menpe jartzen ditu etengabe. Hori dela eta, Pello Urizarrek salatu duenez, “Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburua Madrilen dago duela urtebetetik hona”.

Inkestek behin baino gehiagotan agerian utzi dutenez, euskal gizartea ez dago konforme Jaurlaritzaren kudeaketa politikoarekin, “haserretzeko modukoa baita ikustea nola saiatzen diren Euskadi Espainiako Erresuman nahasten eta jende gehiena abertzalea dela ezkutatzen”.

Egoera ikusita, Eusko Alkartasunak Euskal Herriaren nazio eskubideen aurkako eraso honi aurre egiteko konpromisoa hartu du eta independentista guztiak subiranotasunaren alde batzeko ahaleginduko da, “ezin baita ahaztu Jaurlaritza gutxiengo batek eskuratu zuela hauteslegoaren zati bat jokoz kanpo utzi zuelako”.

Jatorria: Eusko Alkartasuna