PELLO URIZAR EAko idazkari nagusiak PSOEren eta PPren argudioak indarge geldituko direla dio BERRIAk gaur argitaratutako elkarrizketa batean. Denborarekin konfiantza eraikiko dela uste du. Hona hemen elkarrizketa:

Lanpetuta dabil Pello Urizar EAko idazkari nagusia (Arrasate, 1968), baina gustura dago. Astelehenean konponbiderako konferentzian parte hartu ostean, argi dauka han izan ziren nazioarteko eragileei jaramon egin behar zaiela, asko baitakite gatazkak konpontzeari buruz. BERRIAk elkarrizketa egin dio:

PP, UPN eta UPD falta ziren konferentzian. Zer balorazio egiten duzu?
Irlandako eragile batek esan zigun prozesu hauek konfiantza irabazi beharrekoak izaten direla. Irlandan konfiantza eraikitzeko prozesua ez zen hasi su-etena behin betikoa izan arte. Ordutik aurrera ere Unionistak trabak jartzen aritu ziren. Hemen ere erraz ez digute jarriko, baina aurrerapausoak ematen diren heinean eta demostratzen denean badaudela beste bide batzuk eta egingo direla bide horiek, orain arte erabilitako argudioak ezerezean geldituko dira. Ez da prozesua bukatzen ETAren behin betiko su-etenaren aldarri horrekin. Prozesu bat bukatuko da, baina beste bat hasi beharra dago, gauzak normalizaziora heldu arte.

Itxaropena baduzu, beraz, lehenago edo beranduago batuko direla?
Bai. Ez da berdina Irlanda eta Britainia Handia eta Espainia. Baina han egoera zailagoa izanda jakin dute buelta ematen. Denbora behar da. Bake justu, iraunkor eta behin betikoa lortzea nahi badugu, denok eman beharko ditugu pausoak. Hori egiten dugun heinean, erabiltzen dituzten argudioak ezin izango dira erabili.

Azaroaren 22ko bozek ere eragina izango dute, ezta?
Ikusiko dugu zer gertatzen den azaroaren 20tik aurrera. Mariano Raxoi isilik dago. Seguru aski irakurketa egiten du prozesuaren bukaera kudeatzea berari tokatuko zaiola eta ondo ateratzen bada domina ere berak jarriko duela. Trantsiziotik hona egon diren gobernu guztiek izan dute tentazio hori, eta honek ere izango du. Guri berdin zaigu domina nork jarri, axola zaiguna da prozesua ondo bukatzea, ez etikoki soilik, baizik eta politikoki ere bai. Hau ez da orain bukatzen; luzerako dago. Espero dut azaroaren 20tik aurrera PPren jarrera poliki-poliki aldatzen joango dela.

ETAk eskatutako urratsa egiten badu, Espainiako eta Frantziako gobernuak eseriko al dira?
Eseri behar dutela argi daukat, eta uste dut eseriko direla. Gatazkaren ondorioez hitz egin beharko da. Egiaztatze batzordea ere hor dago. Hemendik aurrera ikusiko dugu horiek ere zein paper jokatzen duten. Hala ere, argi daukat Europak ez duela onartuko bukaeran ikusten den gatazka bat eta Europan azkena den gatazka bat behar bezala ez konpontzea Espainiako Gobernua bere jarreran ixteagatik. Orain arte ondo saldu dute beraiek demokratak diren bertsioa, baina gero eta zailagoa dute.

Politikaz hitz egiteko mahaia noiz osatu behar da?
Gernikako Akordioan ere argi adierazten dugu bi atal daudela. Bat bakea eta normalizazio politikoarena da. Argi dago gatazka honek erro politikoak dituela, baina horietara iristeko eta behar bezala lan egiteko, egon daitezkeen mehatxu eta biolentzia denek desagertu behar dute. Hori konponduta, bigarren atal batera joango ginateke. Batzuek esaten dute ETA bukatzen denean dena bukatzen dela, eta ez. Euskal Herriko historiak behin eta berriz erakutsi digu gatazka politikoa dagoela eta ez bada konpontzen, behin eta berriz azalduko dela. Irakurketa hori egiten dute konferentziako eragileek ere. Laugarren puntuan esaten den bezala, azkenean gizarteak erabaki beharko du. Bidean zein pauso tekniko eman, eta nola eman? Hori ikusiko dugu. Garrantzitsuena da onartzen dela gatazkaren oinarria politikoa dela eta horri ere eskua sartu behar zaiola.

Mahai horretan PP eta PSE-EE beharrezkoak izango dira, ez?
Noski. Argi daukat gizartearen gehiengoak onartzen duena denok errespetatu behar dugula, baina hemen, denok gara garrantzitsuak, eta denok parte hartu behar dugu. Hala ere, blokeoetan ez dut sinesten. Beto eskubidea ez diot inori onartzen, eta blokeatzekoa ere ez. Ikusiko dugu zein den bakoitzaren borondatea. Herri gisa dagozkigun eskubideak Madrilek onartzea ez da erraza izango. Baina bide demokratikoak eta behar diren tresna guztiak erabilita, gizarteak erabakiko du noraino joan behar dugun. Gizartearen babesa dugun bitartean, bidea egingo dugu.

Jatorria: BERRIA