Eusko Alkartasunako idazkari nagusi Pello Urizarrek gaur goizean izan duen agerraldian Durango eta Iruñea lotu zituen Gure Esku Dago ekimenaren ondorio positiboak baloratu ditu. Donostian izan den prentsaurrekoan, Urizarrek adierazi du Gure Esku Dago ekimenak “erabakitze eskubidearen afera alderdi politikoen esparrutik atera eta hiritarren eskuetan egotea lortu duela”. EAko idazkari nagusiarentzat “gizarte zibilak” lortu duena zera izan da: “Erabakitze eskubideari babes sozial anitza ematea, zenbait esparru politikoetatik nahi dutena baino anitzagoa”. “Garrantzia handiko kontua da honakoa, erabakitze eskubidea euskal gizartearen ardatza bilakatzen ari delako”, esan du Urizarrek.

Pello Urizar valora la iniciativa Gure Esku Dago

Halaber, Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak baieztatu du argi zuela “laster edo berandu, Euskal Herriko gizarteak erabakitze eskubidea printzipio demokratikotzat joko zuela”. “Hau prozesu subiranistak garatzen dituzten herrialdeetan gertatzen den zerbait da. Modu honetan, erabakitze eskubidea Euskal Herriko kolektibo abertzaleaz haratago iritsi da, jada”, baieztatu du.

Zentzu honetan, Urizarrek onartu du “gizarte zibilak erabakite eskubidearen aldeko apusturik ez egitea Euskal Herrian genuen gabezia” zela eta igandeko ekitaldiarekin gizarte zibilak berak gabezia horri “konponbidea” aurkitu diola. “Behingoagatik komunean duguna azpimarratzeko aukera izan genuen. Diodana EH Bilduren oinarrian dago eta gizarteak aintzat hartu du; gutxika-gutxika, konpartitzen dugun markoa zabaltzen goaz”, esan du.

Aldi berean, Urizarrek EAJ eta Eusko Jaurlaritzari mezu bat luzatu die; egin diezaiotela kasu gizarteak bidali duen mezuari eta Autogobernu Ponentzian erabakitze eskubidearen aldeko politika zehatzak proposatzeko eskatu die. “Aitzitik, PSErekin Estatutuaren eguneraketa bakarrik adosten badute, zerbait oso argi geldituko da: gizartearen mezua jaso dutela, baino ez diotela kasurik egin”, azpimarratu du. Gainera, Urizarrek PSE eta PSNri ere erreferentzia egin die eta argi adierazi du PSCri gertatu zaion gauza bera gerta dakiekela beraien oinarri sozialak entzuten ez badituzte: “Espero dut PSE eta PSNk darabilten barne-prozesuan oinarri sozialen nahiei entzun ahal izatea, etorkizunaren eraikuntzak guztion lana eskatzen baitu”.

Entzun prentsaurreko osoa: