Eusko Alkartasunako idazkari nagusi Pello Urizarrek azken kurtso politikoari buruz hitz egin du gaur goizean, Donostian izan den prentsaurreko batean. Urizarrek adirazi du, “berriro ere” esparru askotan “aurrerapausoak emateko aukera galdu egin dela”, nazio eraikuntzan, gatazkaren konponbidean eta baita esparru sozial eta politikoan ere. “Aurrera egiteko aukera genuen maila ezberdinetan baina EAJk, PSOE eta PPk pause botoia sakatu dute, hain zuzen gizarteak aurrera pausoa eman duen momentuan. EAJk hurrengo udal eta foru hauteskundeen aurretik mugimendurik ez egitea erabaki du, beraien jarrera argitzeak eragin negatiboak izan dezakeenaren beldur, dirudienez. PSOEk etxe barruko egoera konpontzea dauka orain helburu, maila guztietan, eta beste edozer soberan dauka, eta PPk blokeatze egoera honetan eroso dago”, esan du Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak.

Zenbait alderdi politikoek defendatzen duten inmobilismoaren aurrean, Urizarrek aditzera eman du “gizarteak aurrera egin duela; antolatu egin da eta kalera atera da”. Horren adibide “positibotzat” jo du “Gure Esku Dago ekimenaren bitartez, gizarte zibila esparru politikoan sartu izana”. Urizarrek azpimarratu du aipatutakoa “bereziki positiboa dela”: “Alde batetik –jarraitu du-, gizarteari botere ematea delako hain zuzen ere erabakitzeko eskubidearen oinarria eta bestetik, alderdi batzuen erreferentzialtasuna kolokan jartzen duelako. Zeren eta, alderdi politikoak blokeo agente biurtzen badira, konponbidea bilatu beharrean, gizartearen erreferentzia izateari uzten diote, azken hauteskunde prozesuek erakusten diguten bezala, bai Euskal Herrian edo eta esparru espainolean”.

EAko idazkari nagusiaren iritziz, Catalunyan gertatu zen moduan, prozesu honek “era naturalean” jarraituko du eta erabakitzeko eskubidea “demokraten arteko zeharkako elementu” bihurtuko da.

Urizarrek Catalunyako eta Eskoziako kontsultei buruz hitz egin du eta esan du irailetik aurrera “denok gure iritzia plazaratu beharko dugula”. Honi buruz esan du “Autogobernu Ponentzian EAJk esango duenari erne” dagoela. “Badakigu zein den PSE eta PPren estrategia: ETA jokoz kanpo dagoenez, arazo politikoa bukatu da. Baina hori ez da egia eta gizarte euskaldunaren gehiengoak ez du horrela uste, eta hori da garrantzia duena, gizartearen eskaria. Horregatik, EAJk hurrengo kurtso hasieran hartuko duen erabakia garrantzitsua izango da”, esan du Urizarrek.

“Gatazkaren konponketaren inguruko inmobilismoa”

Urizarrek “gatazkaren konponketa eta normalizazio politikoari dagokion inmobilismoaren inguruan” dituen kezkak azaleratu ditu eta esan du “ofizializatu gabeko hitzarmen” bat dagoela EAJ, PSE eta PPren artean. “EAJ da jokoa banatzen duena eta batarekin edo bestearekin akordiotara iristen da bere beharren arabera”. Hau, Urizarren hitzetan “berebiziko gaietan” ikusten da, Kutxabankekin edo paktu fiskalean adibidez. “Egia esan, ez da gauza berria EAJk PP eta PSErekin paktu ekonomikoak egiten dituela, baina bai autogobernu eta presoen gaietan bi alderdiekin dituen harremanak”, esan du. Era berean, jeltzaleek beren etorkizuna popular eta sozialistekin batzea erabaki duela esan du eta “Euskal Herriarentzat modelo propioa ezeztatzen duen eredu bat” planteatzen ari direla gaineratu du.

ETAren azken komunikatuaren aurrean, Urizarrek kritikatu du EAJk, PSOEk eta PPk, baita Eusko Jaurlaritzak eta Estatu espainiarreko Gobernuak ere, komunikatuaren “ez nahikotasunean” bat egiten dutela. “Baina pausoak ematen dituenari, bizkorragoak edo motelagoak, baina pausoak azken finean, ez nahikotasuna aurpegiratzea, eta aldiz, pauso bakar bat eman ez duenarekin argudioak konpartitzea, herri honi mesede makala egitea dela deritzogu. Irabazleen eta galtzaileen eskenatokia duelako helburu, 1939an gertatu zen bezala”, adierazi du.

“Jeltzaleen ereduak ez du kurtsoa gainditu”

Horrez gain, Urizarrek Epsilon eta Hirikoren eskandalua eta hedabideetan elkarrizketen erosketa aipatu ditu jeltzaleen kudeaketa ereduaren “gabezia larrien” adbide bezala. Zentzu honetan EAJri deialdia egin dio, “datorren ikasturtea herri ikuspegitik” hasi dezala eskatuz, “baita arlo ekonomikoari dagokionean, zeren eta ikasturte honetan zehar bere eredua erabat agortuta dagoela ikusi da”. “Denbora dagoela uste dugu oraindik, nahi izanez gero, gizartearen benetako beharrei erreparatuz, Kutxabanken pribatitazioa gelditu edo eta AHTren eraikuntza beraztertzeko”, esan du.