Gobernu hitzarmenean agertzen den autogestionatutako guneak eta zentro soziokulturaletako kudeaketa partehartzailea errazteko ideiaren garapenari buruz galdetu du gaur Nafarroako Parlamentuan egon den Osoko Bilkuran Miren Aranoak. Era berean, “aldaketa kulturan ere nabarmena” dela esan du.

“Kultur arloan gune autogestionatuak sustatzea funtsezkoa da kultura bera garatu, zabaldu eta demokratizatzeko”, esan du Miren Aranoak, Nafarroako EAko koordinatzailea eta EH Bilduko legebiltzarkideak. “Parte hartzea errazten dugun heinean aurreko legegintzaldietan egon ez zen demokratizazioa bermatzen dugu”, gehitu du.

Zentzu horretan, sortzaileek beren lana garatu eta zabaltzeko gunean bermatzea erakunde publikoen lana dela azaldu du eta orain artean Kultura Sailak egin duen lanarekin ados agertu da.

Hezkuntza Saila desorekatzea

Esther Korresek, bere aldetik, Hezkuntza Saila desorekatzen saiatzen tematu dela aurpegiratu dio PSNri, oraingoan hezkuntza sistema publikoan Aniztasunari Arreta Planari buruzko interpelazioaren bidez.

PSNk Gobernu ardurak izan zituenean ez zuela ezer egin gogoratu du Korreske, nahiz eta eskaera presente zegoen. “Gobernu ardurak ez dituenean, plana egin dadin eskatu zuen, plangintzari ekarpenak eskatzen direnean, ez du bakarra ere egiten, eta gero egin dena kritikatu egiten du, baina ez okerrak egotekotan horiek zuzentzeko epean”, azaldu du.