Maiorga Ramirez EH Bilduko parlamentariak Nafarroa Sumak aurkeztutako mozioaren eztabaidan eta bozketan parte hartu du gaur. Mozio horren bidez, Estatuko Gobernua premiatu nahi zen “Volkswagenek Martorellen daukan plantari ematen dion tratamendu bera eman diezaion, ibilgailu elektrikoari dagokionez, enpresa horrek Nafarroan duen plantari”. Zentzu horretan, Maiorga Ramirezek proposamena “populista” dela adierazi du.

“Bizi dugun unearen konplexutasuna onartzeko deia egin nahi dugu. Paradigma aldaketa dator, garraio, industria eta ekonomia alorretan, eta horrek ondorioak izango ditu; gauzak beste era batera pentsatu behar dira. Nafarroako Gobernuak dagokion mailan egon behar du, erne egoteko garaia da. Hori da Nafar Gobernuari eskatzen dioguna”.

Gogorarazi du Nafarroak “eskumen esklusiboak dituela industria-berregituraketen arloan”, eta, beraz, “Navarra Sumak gure autogobernuaren ahalmena alde batera uzten duela”.

Azkenik, EH Bilduk jarduera zehatzak proposatu ditu: “Gobernu honek neurri bereziak hartu behar ditu BEZari buruzko gaiei heltzeko eta sozietateen gaineko zergaren arloko proposamenak aztertzeko”. Era berean, Estatuarekiko “bilateralitatea” eskatu du, “uste dugu ez zaiola horri uko egin behar, eta ikusten dugu uko egiten zaiola”. Azkenik, “enpresarekin harreman zuzena izatea, arriskuak eta aukerak aztertzeko eta enplegua zaintzea” eskatu du.