Eusko Alkartasunak bat egin du Eusko Jaurlaritzak ezarritako murrizketen ondoren Osakidetzaren lehen mailako arretaren egoera salatzeko sindikatuek osasun publikoaren alde antolatutako mobilizazioekin. Pandemiaren une erabakigarrian, osasun-zerbitzu funtsezkoenak kolapsatuta daude, langileak gainezka eta erabiltzaileak behar den arreta gabe.

Argi dago Osakidetzaren egoerak pandemiaren garapenarekin zerikusia duela, baina batez ere erabaki politiko eta kudeaketak eraman du osasun zerbitzu publikoa orain dagoen egoerara Eusko Alkartasunak salatu duenez: Eusko Jaurlaritzak egindako kudeaketak pixkanaka ahuldu egin du osasun publikoa, gaur dagoen egoerara iritsi arte.

Egoera ezaguna da EAEko erakundeetako arduradunentzat, profesionalek, erabiltzaileek eta Legebiltzarreko oposizioak behin eta berriz salatu dutelako egoera, baina Eusko Jaurlaritzak ez ikustearena egitea erabaki du, eta uko egin dio egoera konpontzeko beharrezko baliabideak jartzeari. Ondorioz, EAEk egoera kritikoan dagoen osasun publikoarekin aurre egin behar dio pandemiaren seigarren olatu bortitzari.

Eusko Alkartasunak osasungintzan lanean diharduten profesionalen aldarrikapenak entzun ditzan eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari, eta benetan herritarrak zainduko dituen neurriak har ditzala.

IMG-20211222-WA0002 IMG-20211222-WA0001 IMG-20211222-WA0000