“Euskal Herriko oinarri sozial abertzale, soberanista eta aurrerakoiak mugarria jarriko du, alderdikerien gainetik bilduz eta alderdietako ordezkarioi mugiarazten, joan nahi duten lekura eramateko exijituz eta gizartearen gehiengoaren sentimendua lege bihurtzeko eskaerarekin”, esan du Iker Ruiz de Eginok, Eusko Alkartasunako bozemaileak.

Kataluniatik egin ditu adierazpenok Ruiz de Eginok, bertan baitago Lorena Lopez de Lacalle, Nazioarteko Politiken idazkariarekin batera Eusko Alkartasunaren ordezkaritzaren barruan Diada Nazionalaren ekitaldietan parte hartzeko.

Katalunian eman diren azken gertaerek ilusio handia sortu dute euskal gizartean, Ruiz de Eginok baieztatu duenez, abertzaleek “ehunka kilometrotara eta Hego Euskal Herriak duen marko legal berdinaren barruan eta azken hamarkadetako hauteskunde emaitzek erakusten dutenez, gure herrian ere nagusia den subiranotasunaren proiektu politikoari atea zabaldu zaiolako”.

Horrek “ispiluaren aurrean jarri gaitu eta erabakiak hartzera behartu”, esan du Ruiz de Eginok, “eta erabakia argi dago, gizartearen gehiengoak, hau da EAJ, EH Bildu eta neurri handi batean Podemos-eko oinarri sozialak erabaki nahi duelako, gatazka politikoarekin amaitu eta erreala dena legala izan behar dela esaten duen normalizazioa lortzeko”, gaineratu du bozemaileak.