Off-shore enpresei buruz hitz egitea modan jarri da azken egunetan. Telebistan, egunkarian, interneten pil-pilean dagoen gaia da, nobedade kutsuarekin. Baina tamalez, hitz ponposo horren atzean dagoena ez da bat ere berria. Ez. Aspaldi ezagutzen dugun gaia da: Zerga Paradisuak. Boteretsuek, gehien dutenek euren aberastasuna ezkutatzeko, ordaindu beharreko zergak ez ordaintzeko edo oso gutxi ordaintzeko eskura duten tresna bat da, besterik ez, zerga paradisuek eskaintzen dizkien aukeratako bat.
Lapurreta handia, sistematiko eta baimenduaren historiaren kapitulu berria da. Eta ondorio zehatz eta larriak ditu: Europar Batasunean adibidez bi bilioi euro galtzen dira urtero enpresa handiek egiten duten iruzurrarengatik, eta garatzeko bidean dauden herrietan 100.000 milioi dolar.
Eta guzti honek eragin zuzena du gu guztiongan. Ezberdintasun sozialak gero eta handiagoak diren honetan, arrakala soziala zabalduz doan bitartean aberatsenen eskuetan mundu mailako aberastasuna izugarrizko abiaduran metatzen ari da. Datu batzuk errepasatu ditzagun 2015ean mundu mailako 62 pertsona aberatsenek zuten aberastasuna 3600 miloi pertsona pobreenek zutenaren berdina zen. 2010ean 388 pertsona behar ziren kopuru bera egiteko. Beste datu bat: 62 pertsona aberatsenek dutena %44 hazi da azken bost urteetan, guztira 1,76 bilioi dolar metatzen dituztelarik.
Zerga paradisu eta euren esanetara dagoen ondasun handien kudeaketaren industria erraldoiak bermatzen du aberastasun hori ez dela birbanatuko, gobernuen kontroletik kanpo mantenduz.
Paradisu fiskalen bidez eta horiek ematen dituzten tresnen bitartez, estatu buruek, multinazionaletako zuzendariak, erret etxeetako kideak, goi mailako kirolariak, artistak eta, oro har, eliteetako kideek ogasunetatik alde egiten dute. Hau da, gizarteari guztiok erabiltzen ditugun zerbitzu publikoak ordaintzeko dirua kentzen diote. Elite horiek dira gainera, bankuen erreskatea, amnistia fiskala eta zergen jaitsiera zentzugabearekin ere onurak jaso dituztenak. Bitartean, langileei zegokienaren gainetik bizi direlako murrizpenak pairatu behar dituztela esaten zaie.
Azken finean, zerga elusio eta iruzurraren ondorioz biltzen ez denak aurrekontu publikoak estutzen ditu eta hau ongizate estatuaren ezaugarri diren oinarrizko zerbitzu publikoen kontra doa. Hau guzti hau, krisi ekonomikoa bizi izan dugun azken urte hauetan agerian geratu da baina hala ere, zerga politika ez da zuzendu, are gehiago, okerrera joan da.
Azken urteetan mantra bat bezala zabaldu egin den ideia da aberatsek eta enpresa handiek zerga tasa baxuak izan behar dituztela nolabait hazkunde ekonomikoa berpizteko, eta honek guztion onura ekarriko duela.
Ez gara oso urrunera joan behar era honetako arrazonamenduak entzuteko, hemen gure artean behin baino gehiagotan entzun izan ditugu, sozietate zergetan hainbat eta hainbat txikipen mantentzeko, Aberastasun eta Fortuna Handien gaineko zergaren kontrako erasoa justifikatzeko edo SICAV delakoen pribilegiozko zergapetzea argudiatzeko.
Zerga Paradisuen aitzakia dela medio, deslokalizazioa aitzaki moduan erabiliz gobernu ezberdinak aberatsenen eta enpresa handien zergapetzea gero eta txikiagoa egiteko lasterketa ero batean sartu egin dira kutxa publikoak zigortuz.
Mundu mailako zerga elusio eta iruzur sistema honek Ongizate Estatua mantentzeko eta garatzeko funtsezko diren hainbat eta hainbat baliabide irensten ditu, “ lehen mundua” deritzon honetan, eta okerrena dena, herri pobreenei ez die aukerarik ematen zulotik ateratzeko.
Mundu mailan azken urteetan, krisiaren urte gogorrenetan, zerga paradisuenganako mesfidantza hazi egin da. Urteetan, sistemaren parte moduan ikusi izan dira, zerbait “exotikoa” ,ia anekdotikoa. Baina krisia gogortu ahala , agerian geratu egin da euren benetako papera. Testuinguru honetan aipatu behar da adibidez IBAk ( Nazioarteko abokatuen elkargoak) zerga elusioa giza-eskubideen urratze moduan definitzen duela eta Munduko Bankuko presidenteak “pobreak kaltetzen dituen ustelkeri mota bat” moduan.
Aipatutako gizartearen mesfidantza horrek behartuta eta zerga bilketen murrizketak ikusita, iruzur eta elusioaren kontrako neurriak hartu behar izan dituzte gobernu ezberdinek.
Hor dugu, esate baterako Europar Batasunak azken urteetan martxan jarri izan dituen hainbat neurri eta berriki iragarri dituenak, bereziki enpresa handien zergapetzeari dagozkionak eta Zerga paradisuak identifikatzearen ingurukoak. Baina herri ezberdinek trabak jarri dituzte neurri aurrerakoiagoak indarrean jartzeko, “Luxleaks” aipatu daiteke eredu bezala, edo zenbait enpresa handien trikimailuak elkarteen gaineko zerga Irlandan ordaintzeko eta ez beste herrietan. Tamalez, bidean dauden neurriei ere trabak jarriko dizkietela aurreikusten dute Europako agintariek ere.
Izatez, aspaldi egon behar zen indarrean zerga paradisuen eta zerga jardute kaltegarrien aurkako mundu mailako akordioa. Hori delako ezberdintasun sozialen kontrako neurri garrantzitsuenetariko bat.
Orain dela 15 bat urte OCDEk jada proposatu zuen herriek bertan behera utzi behar zituztela zerga paradisuekin indarrean zituzten zerga hitzarmenak. Baina berez zerga paradisu moduan funtzionatzen duten OCDEko hainbat kideek, enpresa handienen egoitza direnekin batera akordioa blokeatu zuten eta ez zen aurrerapausorik egin.
Berriki, OCDEaren BEPS delako proiektua, zerga oinarrien erosioaren eta irabazien lekualdatzeen kontrakoa, garatu egin da. Hori oinarri izanik martxan jarri nahi dira Europar Batasunetik hainbat neurri, zerga informazioaren elkartrukatzea tresna nagusi moduan erabiliz.
Baina ez du ematen kasu honetan ere, egin beharreko guztia egin denik, berriz ere labur geratu egin da proiektua presio ezberdinak direla medio. Eta guzti honen aurrean, hemen zerbait gehiago egin behar dela uste dugu. Hemen ditugun baliabideak erabilita ere gure ekarpena egin diezaiokegu zerga paradisuen kontrako borroka erraldoiari.
Gure proposamena argia da: ezagun dezagun hemen aritzen diren enpresek zerga paradisuetan filialik duten eta hori behin ezagututa eta zerrenda publiko eginda, dagozkien zergak hemen ordaintzeko eskatu. Euskal Herrian garatzen den jarduera ekonomikoa Euskal Herrian ordaindu behar ditu zergak. Eta hori errazagoa litzateke Jaurlaritzak Enpresen Erantzukizun Soziala arautzean, enpresek zerga paradisutan egoitzarik edo filialik ez izatearen ezinbestekotasuna adieraziko balu. Hor, Eusko Jaurlaritzari gure eskaera.