Onintza Lasa Arteaga. EAko Komunikazio Idazkaria
Urteari bukaera Estatutu berriaren erreformaren onarpenarekin eman genion. Hainbat eta hainbat hilabetetako lanen ostean, ordu eta ordutako eztabaida ondoren, Legebiltzarraren gehiengo absolutuak babesa eman zion.

Proposamen honen onarpenak hala ere hautsak harrotu ditu inolaz ere zenbait ingurutan, eta zer esanik ez abertzale ez diren taldeetan ez ezik, Madril inguruetan. Eta era maltzur batean interpretatu dute zilegitasun osoa duen Proposamen hau, alderdikeria ikuspegi huts batetik baina bere sakonean beste zerbait ere adierazten duelarik: demokrazian edozein egitasmo, edozein asmo, edozein helburu, ezarritako bide politikotik defendatu daitekeela dioten askori beren benetako diskurtsoa agerian geratu zaiela: edozein egitasmoren zilegitasuna onartzen dute, baldin eta beren ideiekin bat egiten badute. Eta Plan honek zerbait badu, bere zabaltasuna da. Plan hau ez da inorena eta guztiena da. Nahi izan duen orok egin izan ditu beren ekarpenak, eta azkenean guztien baturak lortu du onespena.Eusko Alkartasunak bere ekarpenak egin ditu, eta nahiz eta bere azken egitasmoa ez den testu horretan jasotzen, hainbat aspektu hobetu ditu, autodeterminazio eskubidea askoz ere ageriagoan agertzea, lurraldetasunari dagokionean edota arlo sozialari dagokien hainbat gaietan, esaterako. Hortik aurrera, azken erabakia euskal gizartearena da (oraingoz erkidegoarena), eta errespetatu egingo dugu. Azken batean, zer jasotzen du bada Plan honek?Aurrerapauso bat. Zentzu zabalenean. Guztion artean ematen dugun hobekuntzarako ekimen demokratiko bat.Herri honek badu oraindik gatazka politikoaren gaia konpontzeke. Estatutua onartu zelarik, Espainiako Estatuan egon diren gobernu ezberdinek bete ez eta oztopoak eta murrizteak egin dizkioten arren, erkidegoan frogatu da autogobernu gehiago izateak ongizate mailan eragin baikorra duela. Alde horretatik, ahalbideratu du herri honen garapenean tresna baliagarri izatea. Baina, Estatutu honek ez dio gure herriari bere gatazka politikoaren konponbiderako inongo irtenbiderik ematen. Eta gainera, eta batez ere, gizartearen gehiengoak beste marko batera pasatzeko borondatea agertu du .Plan honek bere baitan jasotzen ditu herri honetan urte asko eta asko daramatzan gatazkari irtenbidea emango dizkion bi eremu: lurraldetasunarena eta subirautzarena. Nork ukatuko dio herri honi bakean eta elkarbizitza normalizatu batean bizitzeko aukera eta eskubidea? Nork zapuztuko ditu Plan hau gara dadin egoera egokiak bideratzea? Egingo duenak edo egitea pentsatzen duenak ondo baino hobeto pentsatu beharko luke, uneak eskatzen duen erantzukizuna kontuan hartuta. Aurretik, eztabaida ukatu nahi izan duenak, proposamenak egin gabe bere burua prozesu honetatik baztertu duenak, Madrilen plan honen bideragarritasunari ateak ixten dizkiotenak… nola esplikatu gizartearen aurrean, konponbide baten aukerari muzin egin diotela?Talanteak talante, hitz goxoaz gain, nabarmen geratu da Madrilerako lehen bidaian, Alderdi Sozialistak ere, Estatuaren egituraren gaian, Estatu eredu zentralista gailentzen duela beste edozeren gainetik. Aldiz, euskaldunok, gure parte hartze zuzen eta Estatuen pareko estatusa eskatzen dugunean, Europar Batasuneko erakundeetan, hemeretzigarren mendeko eredu eta parametroetan mugitzea aurpegiratzen digute. Baina Espainiar Estatuaren inguruko eztabaidetan ez da mugimendurik onartzen. Zertan geratzen gara?Inkoherentziaren isla garbia dira. Egun , oraindik ez dut ikusi inongo espainiar edo frantziar bere Estatu independenteari uko eginez. Zerbait ona izango du, bada, Estatu propio eta independente izateak!Hala ere, oraindik badago denbora gauzak bideratzeko. Horrek erantzukizuna eskatzen du, hitz larriz. Elkarrizketa, adostasuna. Eta ausardia ikusteke dago. Ikustear dago, aldaketaren nahiaren ondorioz boterean dagoen alderdi sozialistak, benetan aldaketa duen eskaintzeko, edota aurreko alderdi popularraren errezetak aplikatzen jarraituko duen, egiaren orduan. Ikuskizun ezker abertzale deritzonak argi duen bateraezinak direla estrategia eta ildo politikoa, eraso eta giza eskubideen urraketarekin, eta prozesu politikoak aurrera egitekotan politika bideak besterik ez duela aurrera egiteko aukerarik gure herriaren gatazkaren konponketan. Eusko Alkartasunak jarraituko du, buru belarri gure herriarentzat itxaropentsua den une honetan ere, herri honek urteetan konpontzeko duen gatazka politikoa gainditzeko lanean.Denborak esango du eta jarriko du norbera bere lekuan… eta historian.

Jatorria: Onintza Lasa