“Euskal Herrian euskaraz nahi dugu hitz eta jolas, lan eta bizi euskaraz eta hortara goaz”.
Euskal kantutegia oparoa da gure hizkuntzarekiko aldarrikapenak egiterakoan. Baina ez gaitezen mugatu urteko egun bakan batera. Euskara ikastea edota euskaraz aritzea ez dezala urteroko kunplitu gabeko desioa bihurtu. 
Ez dezagun ahaztu “Aitorren hizkuntza zaharra” “dela euskaldun egiten gaituena”. “Gau eta egun euskaraz bizi nahi dut eta gauza bera egin dezakezu zuk… Etxean, kalean, lanean, lagun artean…”. Eta gure alderdian, zer?
Gure alderdia aspalditik da adinez nagusi. Baina euskararekiko, nola ote gaude?
Euskaraz lan eta bizi beharra dugu bakoitza bere euskalkia erabiliz. Hau da, Araban bagare, Gipuzkun bagera, Xiberun bagire ta Bizkaian baga baita ere lapurdin ta Nafarran… Nahiz eta hitz ezberdinez bat bera dugu hizkera”.
Euskara Planak idatz eta onartu ditzakegu etengabe. Baina hitzetatik ekintzetara pasatzea ezinbestekoa da. Ezin dugu hasierako hastapenetan etengabe jarraitu. Aurrerapauso nabarmenak emateko garaia heldu da. Ez da erraza izango baina posible da denok batera gogorki aritzen bagara.
Noiztik ari gara esaten “Gu, euskaraz, zu zergatik ez?”. Gure hizkuntzaren erabilera ezin da gutxitua izaten jarraitu alderdiaren egunerokotasunean.
Baina etsipenak albo batera utziz, begira dezagun itxaropentsu etorkizunera epe ertain baten, Mikel Laboak abesten zuena esateko gai izango garela adieraziz: “eta horrela bizitzen gera sortuz ta sortuz gure aukera atsedenik hartu gabe. Lana eginez goaz aurrera kate horretan denok batera…”.
Eta bitartean pauso txikiak ematen has gaitezen sinple bezain tinko baina etsi gabe. Bukatzeko, eskari bat: Hasi etxetik eta kalera, hasi kaletik eta etxera, martxan jarri da gure alderdian lege berria: Euskaraz Eusko Alkartasunean.