Osoko Bilkura egin du gaur arratsaldean Espainiako Kongresuak Alarma Estatuaren luzapena onartzeko eta pertsonen zirkulazioarekin neurri murriztaileagoak hartzeko beharra defendatu dugu bertan, funtsezkoa ez den lan produktibo oro geldiaraztea ere. Horixe da, helburu nagusiena den pertsonen bizitza babesteko beharrezko neurria. Baina, era berean, gure ustez, arlo ekonomikoaren galerak gutxitzea ere horrela lortuko da, Txinaren edo Italiaren esperientziek esaten baitute neurri horiek hartzea nahitaezkoa izango dela eta zenbat eta lehenago hartu, orduan eta kalte gutxiago sortuko dituzte.

Llotja de Mar-eko ituna sinatu zuten alderdiek pertsonen bizitzaren balioa erdigunean jartzen duten neurriak defendatu ditugu, Madrilen PSOEren Gobernuak defendatzen duen tesiari uko eginez. Eta PSOEren proposamena EAJk EAEn eta PSNk Nafarroan aurrera eramaten ari dira, ezinbestekoa ez den ekoizpena gelditu gabe krisiari aurre egin ahal zaionaren ustean.

“Berandu goaz”, esan du Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozemaileak, neurri zorrotzak hartzeko atzerapenak pertsonen heriotzen kostua izango dutela ohartarazita. EH Bildun ditugun datuen arabera, hegoaldeko lau herrialdeetan krisiaren kostu ekonomikoa handiagoa izango da egungo egoera luzatzen bada. Bistakoa den bezala, ekoizpena geldirik dago neurri handi batean, eta kontsumoa, oso motelduta, eta osasun-krisia amaitzen denean bakarrik buelta emango zaio egoera horri.

Hala, Mertxe Aizpuruak azaldu duenez, EH Bilduk Euskal Herrian ere exijitu duen ekoizpena gelditzeak eragin positiboa izango du bai giza bizitzak salbatzeari dagokionez, baita egoera ekonomikoari kalte gehiago ez egiteari dagokionez.

EH Bilduk eskatutako neurri zehatzak:

- Krisiaren kudeaketa deszentralizatzea. EAErako eta Madrilerako antzeko osasun neurriak ezartzea, adibidez, zentzugabea eta kaltegarria da Madrilgo zein Euskal Herriko herritarrentzat.

- Test azkarrak modu masiboan egitea, kutsatzea kontrolatzeko oso baliagarriak direla erakutsi baitute.

- Osasun-langileei eta oinarrizko zerbitzuetako langileei behar dituzten baliabideak ematea.

- Krisiak enpleguan eragindako pertsona bakar batek ere hipoteka edo ohiko etxebizitzaren alokairua ordaintzeko zailtasunik izango ez duela izango bermatzeko neurriak.

- Funtsezko zerbitzuen fakturen ordainketak etetea (argia, ura eta gasa), kolektibo kalteberentzat edo diru-sarrerak murriztuta dituztenentzat.

- Larrialdiak irauten duen bitartean adingabeak zaintzeko ordaindutako baimenak.

- Pertsona guztiek bizirauteko diru-sarrerak eta beharrezkoak diren zerbitzu publikoak izango dituztela bermatzea.

- Osasun-krisia gainditutakoan enpresen jarduera ekonomikoa berrabiarazi ahal izateko neurriak.

- Larrialdiko errenta bermatzea diru-sarrerak nabarmen murriztu zaizkien pertsona guztientzat.

- Gizarte Segurantzako kotizazioak etetea, hiru hilabetez hasteko, luzatzeko aukerarekin.

- Krisi garaian kaleratze ekonomikoak debekatzea, sektore publikoan zein pribatuan. Kaleratzeak, enplegu-erregulazioko espedienteak eta ERTEak debekatzea fakturazio maila zehatz bat gainditzen duten eta aurreko urtean irabaziak izan dituzten enpresetan.

- Eraginik gabe uztea gastuaren muga eta gastu-araua malgutzea autonomia-erkidegoei eta udalei.

- Premia biziko ondasunekin, osasun-ondasunekin eta eskudiruarekin espekulazioa saihestea. Elikagai, osasun produktu eta garraioaren prezioa blokeatu behar da.