Txetxu Aurrekoetxea Azkenaldian PSOEren mundua nahasita dabil; Marbellan eta Madrilen arazoak sortu zaizkie alde batetik, baina, bestetik, Estatuaren erreforma administratiborako proposamenak egiten hasi dira: ezker-eskuinera estatutuen zuzenketak iradoki dituzte, Andaluzian, Valentzian, Katalunian…, hori bai, edozein lekutan Euskal Autonomia Erkidegoan izan ezik.

Nafarroan ere lotsa galdu dutela dirudi; eta inolako kontsultarik eta egiaztatzerik gabeko Foru Hobekuntza irentsi eta gero, orain, Nafarroako Alderdi Sozialista zatikatuak zatikatua, alderdi hori duela urte gutxi sortu baitzen PSEtik bereizita; ene aburuz hankasartze politikorik handienetako bat Nafarroako Lurralde Estrategia izeneko agiria landu du.

Nafarroa, EAE, Pirinio Atlantikoen Departamendua eta Ebroren korridorea bilduko lituzkeen Eskualdea sortzeko aukera aipatzen du estrategia horrek. Eta hori orain esaten dute, hain zuzen ere, Otano afera-ren ostean Nafarroako lehendakaritza utzi behar izan eta gero. Orduan EAErekin hitzartutako Hitzarmena hankaz gora jarri zuten, baita EITB Nafarroan inolako arazorik gabe ikustea ahalbidetzen zuen aukera ere, eta Lizarbe jaunak ez zuen ezer egin Hitzarmena erregularizatzeko.

Sozialistekin beti egoten da baina bat; PSNko idazkari nagusi Lizarbe jaunak, joan zen abuztuaren 28an adierazi baitzuen, horrelako gauzak beraiek bakarrik plantea ditzaketela, «sozialistok ez garelako nazionalistak, internazionalistak baizik… beraz, inor ez dadila herri honetan asaldatu (Espainian, noski) Pascual Maragallek egindako proposamena dela-eta».

Lehen aipatu dudan baina hori Lizarbe jaunak internazionalismoari buruz duen interpretazioa da, nazionalismoa eta internazionalismoa elkarren kontra jartzen baititu; eta oso lasai geratzen da gainera.

Lizarbe jauna, bagara sozialistak, egia da sozialista euskaldunak, ezker abertzale, progresista eta baketsukoak, internazionalistak ere bagarenak, «aliantza internazionala nazioen artean baita bakarrik posible, eta nazio horien existentzia, autonomia eta independentzia barne arazoetan, internazionalismoaren ideiaren baitan egon behar baitira» (F.Engels. Laura Lafargueri Eskutitza. 1893ko ekainaren 20a).

Lizarbe jauna, historian krimen lazgarriak egin dira nazionalismoaren izenean. Egia da, bai; izan dira eta badira nazionalismo baztertzaileak, burgesak, eskuinekoak klaseen borrokaren analisitik; espainiarra, esaterako. Baina ez dugu historian gehiegi atzera egin beharrik, internazionalismoaren izenean egin diren hilketa ikaragarriak aurkitzeko. Adibide bakar bat nahikoa litzateke hori frogatzeko: Stalin.

Herri eta nazio zaharrak herri eta nazio solidario bihurtzen direnean, beren kulturen loratze, gerturatze eta elkar-aberastea ohiko izatera igarotzen da, eta harreman internazionalista sortzen da.

Izan ere, espero baitut, Lizarbe jaunak bere burua internazionalistatzat jotzen duenean ez duela buruan edukiko langileen elkarte internazionalak proposatzen zuen sistema, hau da, gizarte kapitalistaren aurkako klaseen borrokaren bitartez printzipio sozialisten izenean boterea hartzea; alegia, ez dela pentsatzen arituko «nazio sozialisten bizitza espiritularaen oinarri ideologiko-teorikoak marxismo-leninismoa eta internazionalismo sozialista» direla.

Lehen eta orain, badirudi nazionalaren eta internazionalaren dialektikak ez duela amaierarik. Hala ere, esan beharra dago bi elementuon oinarri historikoa bera dela: kapitalismoaren sorrera eta garapena, eta beronen transmformazio iraultzaile sozialista.

Historia hurbileko auzirik garrantzitsuenetakoa da nazionalaren eta internazionalaren arteko dialektika aurkitzea, gero eta zailagoa baita. Nazionala eta internazionala ez daude nazio edo herrietatik landa, ezta elkarrengandik bereizita ere, nahiz eta egia den moduak, baldintzak eta elkarren arteko korrelazioa aldatu egiten direla gizarte desberdinetako nazioetan. Elkarrekiko harremana ezagutuz soilik aprobetxa daiteke nazio bakoitzaren ekarpena gizateriaren ibilbide progresiboan; eta, era berean, elkartasun printzipioak eta mugimendu internazionalistaren esperientziak egoki txertatuko dira Herri bakoitzaren ezaugarri nazionaletan. Internazionalismoa ez doa interes nazionalen aurka; aitzitik, oinarria da, funtsezko premisa, interes horientzat. Nazio edo herri bakoitzak bere ezaugarriak eta interes zehatzak ditu, baita borroka forma nazionalak ere. Baina hori ez dago inolaz ere internazionalismoarekin lehian; aipaturiko borroka mota horiek ere ez daude internazionalarekin kontraesanean.

Antonio Gramscik hau idatzi zuen: «Garapena internazionalismora doa, baina bere abiapuntua ´nazionala´ da, eta puntu horretatik abiatu behar da» (Note sur Macievelli. Sola politica es sullo stato moderno. 1973, 153. orrialdea).

«Interes internazional eta nazionalen batasunak esan nahi du singularra (nazionala) ez dagoela orokorrera (internazionala) daraman bidetik kanpo, eta orokorra (internazionala), singularrean (nazionala) existitzen dela soilik, singularraren bitartez» (V.I. Lenin. En torno a la dialéctica).

XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran, klaseen borroka aurrera eramateko baldintzak, aldaketa, transformazioa, iraultza bera ere, internazionalismo proletarioarekin lotu zitezkeen. Eta zuek, zuon enbor doktrinala marximoa baita edo baitzen, jakin beharko zenukete XXI. mendearen hasieran aurreko eredu guztietatik oso desberdina den gizarte egitura batean, aldaketa, transformazioa eta iraultza, herrien eta berau osatzen duten gizabanakoen defentsan oinarritzen direla. Hau da, herri horien subiranotasunaren aldeko borrokan oinarritzen direla kontzeptu horiek, haien aurrean globalizazioa ez baita alternatiba, errealitatea baino. Baina errealitate horri beste ideia bat jarri dakioke aurrean, bestelako globalizazio bat posiblea dela gizabanakoen eta herrien eskubideen defentsatik abiatuta.

Lizarbe jauna, ikus dezakezun moduan, herri honetan, Euskal Herrian, ezker progresistako abertzale demokratak badira; sozialistak dira ez PSE-EE-PSOEkoak ezta PSN-PSOEkoak ere eta, aldi berean, kontsekuenteak ere badira bestelako mundu baten aldeko borrokarekinmundu solidarioago bat, igualitarioago bat; azken batean, herri honetan internazionalistak badira.
Jatorria: Txetxu Aurrekoetxea