Javier Caño EAko zuzendaritzako kide eta Alkartasuna Fundazioko lehendakaria Alderdien mahaia martxan jartzeko unea dela dio Cañok; gehiago itxaroteak arazoak besterik ez dituela ekarriko. Praktikotasuna oinarri hartuta, Ibarretxe Planaren muinari eusten dio; subiranotasunari.

Urte luzetako esperientzia oinarri hartuta, ideologiari baino praktikotasunari garrantzi handiagoa ematen dio Javier Cañok (Barakaldo, 1943).

Kontzeptu politikoen inguruan nahasmena eragiten dela aipatu izan duzu. Egungo egoera politikoan, alderdi guztiak mintzatzen dira erabakitzeko eskubideari buruz baina bakoitzak bere erara ulertzen du eskubide hori. Non dago gatazka gainditzeko gakoa?

Euskal gatazkak bi osagai ditu: batetik, foru abolizioarekin subiranotasun kontzeptua ezabatu zen. Lege sorta bat ezabatzeaz gain, gizarteari ukatu egin zitzaion parte hartzeko edo akordioak lortzeko aukera. Hori da larriena: erabakitzeko eskubidea kendu zigutela. Eta, bigarrenik, horren guztiaren ondorioz, subiranotasunaren planteamendutik harago, independentziaren aldekoak agertuz joan ziren, autodeterminazioaren bidez.

Subiranotasun eskubidea ezabatzeak sortu zuen, beraz, autodeterminazio eskubiderako aldarria?

Batzuetan nahasmena eragiten du baina bi kontzeptuz ari gara: bata, subiranotasuna, erabakitzeko eskubideaz ari da, nahiz Estatu barruan jarraitzea den erabakitzen dena; eta bestea, autodeterminazioa, Estatuko zati izateko erabakiaz gain, bertatik banatzeko aukera ere jasotzen duena. Bi gauza dira. Horregatik uste dut euskal gatazkan bi auzi daudela: subiranotasunari dagokiona bat, eta independentziari dagokiona bestea. Indarrean dagoen Estatutuak subiranotasunaren bidetik aurrera egiteko gakoa eman dezake.

Zein bide jarraitu behar dela uste duzu?

Normalizazio politikoa lortzeko, erdibideko salto bat eman behar litzateke gutxieneko urrats gisa: subiranotasuna. Aukera horrek, planteamendu soberanista argian, erabakitzeko ahalmena norabide konkretu batean izatea du helburu: Estatuaren barruan boluntarioki egotea. Autodeterminazioak berriz, aukera hori jasotzen du, noski, baina baita independentziaren aukera ere. Niretzat, egungo egoeran, aski izango litzateke normalizazio prozesuak salto kualitatibo bat ematea, Ibarretxeren Planak jasotzen duena onartzea. Hau da, erabakitze ahalmena onartzea, Estatuan borondatez egotea soilik bada ere.

Hori aski litzatekeela uste duzu?

Guztiok abertzaleak izango bagina ez genuke arazorik izango, baina errealitatea bestelakoa da. Orain independentziaren bila joango bagina, ni bezala pentsatzen ez duen gizartearen beste zatia desnormalizatuko nuke. Hortan datza legitimitate eta legaltasunaren arteko jokoa. Nik autodeterminaziorako eta independentziarako eskubidea dut. Baina aldi berean, nire eskubide horrek gero eta sektore gehiago biltzea nahi badut, progresiboki joan beharko dut. Eta eskubide historikoek jasotzen duten subiranotasunaren irakurketa sakon baten bidez, ez litzateke beharrezkoa Konstituzioa aldatzea. Horixe da Ibarretxeren Planaren oinarria. Eta ikusi dudana da bide hau onargarria dela Eginoko Mahaian ordezkariak izan zituzten alderdientzat -EAJ, EA, PSE-EE, PSN, EB-Berdeak, Aralar-.

Hitzarmenerako Mahaiak ez du bat egiten oinarri horiekin.

Bi bideak hor daude. Eginoko Mahaian eta Nazio Eztabaidagunean. EA bi foroetan egon da. Baina irizpide errealista eta eraginkorrari begiratu behar zaiola uste dut.

Subiranotasunaren bideak Espainia barruan egoteko aukera soilik ematen badu, zer gertatuko litzateke herritarrek galdeketan ezezkoa emango balute?

Arazo hori emango balitz, nik Quebeceko irizpidea jarraituko nuke. Quebectarrek sorpresa hartu zuten Gorte Gorenaren erabakiarekin. Irizpide demokratiko eta objektiboa oinarri hartuta, ondorio batera iritsi zen: ez dela beharrezko aurretiaz autodeterminazio eskubidea izatea nahi bat gauzatzeko; aski dela gai baten inguruan herritarren gehiengo batek jarrera argia izatea, berehala Estatua negoziatzera esertzeko. Eskubide historikorik izan gabe ere, herri batek nahi duena izan ahalko du, oinarri demokratikoa delako.

Eta nola ikusten duzu egungo egoera?

Batetik, badirudi negoziazio politikoa Madrildik bideratu nahi dutela eta hori ez dut onartzen. Denboran gehiegi luzatu nahi izatea ere ez dut onartzen, horrek arazoak besterik ez dituelako ekarriko.

Eta Batasunaren egoeraz zer iritzi duzu?

Zentzugabea da. Esaten ari dira Batasunak publikoki ezin duela talde gisa aritu legez kanporatuta dagoelako. Bestalde, guztiek esaten dute mahaian egon behar dutela haiek gabe ez dagoelako irtenbiderik. ETArekin hitz egin daiteke, eta Batasunarekin ez? Legez kanpokoagoa izango da ba ETA! Hala ere, Batasunak ezin du ez dagokion protagonismorik hartu; bat gehiago da mahai horretan.

Eta Espainiako botereen jarrera?

Zapaterok baditu bere arazoak. PP uneoro du alboan belarrietatik tiraka eta Espainiako hautesleria baten aurrean ere itxurak gorde behar ditu. Baina neurriak hartu beharko dira mahaia osatzeko. Batasuna legeztatu behar da horretarako. Zeren mahaian eseri nahi denean Batasuna legez kanpo badago, beste arazo bat sortuko da.

Eta alderdien mahaia osatzeko zein oinarri behar direla uste duzu?

Azken bi urteotan egin diren aurretiazko lanek zerbaiterako balio behar dute. Adostasunera iristeko erdibideko aukeren alde egin behar da, bakoitzak bereari eusten badio atera ezinik geratuko baikara. Eginoko Mahaian izan dudan esperientzia izan da Batasuna eta PP ez beste guztiek hitzartu eta sinatu dugula zeintzuk diren hitzar ditzakegun gaiak. Abiatzea ez da horren zaila, gai eta metodologia aldetik oso garatuta utzi baikenuen Eginoko Mahaian. Nazio Eztabaidaguneak ere gauza garrantzitsuak egin ditu baina, nik dakidala, metodologia ez du horrenbeste zehaztu. Nik uste dut bi foroen lanak bil daitezkeela. Aurretiaz eginiko bi txosten daude eta, beraz, horiei buruz hitz egiteko eseri behar da, bi mahaiek egindako lana batuta.

Zein urrats egin behar dira orain mahaia osatzeko?

Batasuna legeztatu behar da lehenik. Eta alderdiek argi esan beharko dute mahaia osatzeko unea dela. Nire ustez Ibarretxek izan beharko du gidaritza, bestela, ez dakit nork egin dezakeen. Edozein kasutan, gehiegi luzatzen ari da mahaien osaketa. Zeren bai Eginoko Mahaiak bai Nazio Eztabaidaguneak aurretiaz egindako lanaren helburua zen aukera iristen zen unean denbora galtzea ekiditea; horretarako lana aurreratzea. Ba har ditzagun bi foroen emaitzak eta eztabaida dezagun. Ezin dugu denbora galdu dagoeneko zehaztuta dauden gauzetan. Beraz, nire ustez funtsezkoa litzateke bi foroen arteko batuketa egitea.

Eta zergatik ez da egin?

Ez dakit. Nik uste dut lidergo faltaren emaitza dela. Eta, ez dakit zergatik, PSE eta EAJren alde bat, Imazen aldea, mahaien osaketa atzeratu nahian dabiltza. EAJren beste alde bat, Ibarretxe bera, presa dagoela esaten ari da. Badirudi, Zapaterorekin itun bat egiteko zain daudela edo. Eta alderdi barruko kalkuluak ere egongo dira. Badirudi laster diren hauteskundeei begira jarri direla batzuk.

Zein izango dira oztopo nagusiak?

Hainbestetan esan den bezala, prozesua oso luzea izango da, hausturak, geldiuneak egongo dira. Niretzat garrantzitsuena da mahaia eratzea. Mahai horrek konponbiderako fase bat izango du eta hori ezingo da luzatu.

Espainiako Gobernua eta alderdiak prest ikusten dituzu prozesuaren alde eman behar dutena emateko?

Seguruenik irtengo den emaitzak ez du aseko ez Espainiako hautesleria ez euskal abertzaletasuna. Baina dakidana da ezingo duela izan Estatutu berri bat; urrutirago doazen elementu kuantitatiboak egon beharko dute. Marko estatutarioa gainditze aldera, eta ez naiz ari konpetentziez; eskubideen onarpena da interesatzen zaidana. Agian esan dezakete Espainiaren batasuna kolokan jartzen duela. Batasuna printzipio bezala hartzen bada, agian bai; baina praktikan ez, zeren proposatzen ari naizena da bertako kide borondatez izatea eta horrek ez du batasuna arriskuan jartzen. Areago, proposamen honekin batasunaren printzipioa salbatzen ari naiz.

«Gizartea kontzeptu okerretan erortzea saihestu nahi dugu»

Aurrera egiteko formazio politikoa ezinbestekoa du Cañok. Bide horretan EAk aurkeztu berri duen Alkartasuna Fundazioko lehendakari da Zuzenbideko irakaslea.

Zu buru zaituen Alkartasuna Fundazioa sortu berri du EAk. Zein helbururekin?

Formazioaren bidez, kontzeptu eta ideia batzuen zabalkundearen bidetik, gizarte eraldaketa sustatzea dute helburu alderdietako fundazioek. EAren ideario politikoaren zati handi bat eskubide historikoetan oinarritzen da eta beraz, fundazioaren lan handi bat bide horretan doa. Baina kultur fundazioa denez, ikerketak egiten ere saiatuko gara.

Zergatik sortu da fundazioa une zehatz honetan?

Orain aurkeztu egin da, baina sorrera duela urtebetetik lantzen aritu gara. Gertatzen dena da estatutuak zehaztu eta administrazio kontuak betetzeak denbora eraman duela. Eta aurkezpena une politiko interesgarrian egokitu da, guk aurrez jakin gabe.

Sarri nahasten diren kontzeptu politikoak argitu beharra aldarrikatu izan duzu. Egungo egoeran formazio politikoak duen garrantziari erantzuteko jaio da Alkartasuna Fundazioa?

Gure ikerketaren zati handi bat herri honen eskubideen ingurukoa da. Kontzeptu bakoitzak zer esan nahi duen argitu, eta gizartea salmenta faltsuetan edo kontzeptu okerretan erortzea saihestu nahi dugu. Estatutua erabiliz hemen egunero autodeterminatzen ari garela entzun izan dut, autodeterminazioaren esanahia desitxuratzeko. Formazio minimo bat duen edonork badaki horrek ez duela zerikusirik autodeterminazioarekin. Hori dioenak esanahia desitxuratu nahi du interes politiko batzuen arabera. Beraz, ez dago soberan fundazio batek kontzeptuen esanahiak argitzea. Horretarako, hitzaldiak egin, ikerketa bekak abiatu eta hausnarketa guneak sortzeko asmoa dugu.

aitziber laskibar berria.info

Jatorria: Javier Caño