Hizkuntza Trataera Bateratuaren bidez garatutako eleaniztasuna defendatu du EH Bilduko legebiltzarkide eta Iruñako EAko koordinatzailea den Esther Korresek Nafarroako Hezkuntza Publikoarentzat. PAI ereduaren barruan ingelesa ikasten duten ikasleak finantzatzeko PPk aurkeztutako ekimenaren kontra egin du Korresek, diskriminatzailea delakoan.
“Metodologia berri eta arrakastatsuaren aurrean gaude”, esan du Korresek, eta “ezin dugu ahaztu trebetasun linguistikoek ez dutela isolaturik funtzionatzen, elkar landu eta elkarri eragiten diotela”. Horregatik, “irakaskuntzaren planteamendu berria behar da, batez ere irakasleen arteko ezinbesteko koordinazioa bultzatuz, hizkuntza ezberdinetan ikasitakoaren transferentzia bematzeko, edukiak errepikatu gabe, eta hizkuntza ezberdinetan ikasitakoaren transferentzia horri etekin pedagogikoa ateratzeko”.
Azkenean aurrera atera ez den popularren eskaerari ezezko borobila eman dio legebiltzarkideak, eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak eskolek garatu ahal izateko dituen hamabost programa ezberdin gogoratu ditu, bakar bat finantzatzeko aukera baztertuz. “Zer gertatzen da beste ereduekin, ingelesa beharrean frantsesa edo alemanera dutenekin?”, galdetu dio PPren ordezkariari, ezin direla ikasleak era arbitrarioan eta eskolek garatzen dituzten programen arabera finantzatu azpimarratuz. “Zergatik programa batzuk bai eta beste batzuk ez?”, galdetu du Korresk, eta hala esan dio: “Mozioa sektarioa da eta baztertzailea, eta ikasle batzuk besteen aurrean jartzea suposatzen du”.