Martxoaren 8an guk planto egingo dugu. Bultzada hartzeko eta aurrera egiteko, planto, justizia soziala feminista izango delako edo ez delako izango. Eta planto egingo dugu munduan hedatuen dagoen bereizkeriaren inguruan arreta deitzea beharrezkoa dela jakin badakigulako: emakumeena.

Egoerak hobera egin duela esaten digute eta ez dugu egia ez denik esango, baina denak berdin jarraitzeko sistematik egiten dituzten aldaketa txikiak ez dira nahiko. Izan ere, mugimendu feministari orokorrean eta osteguneko grebari bereziki, sektore batzuetatik egiten ari zaien erasoa ikusita, atzamarra zaurian jartzen ari garela argi dago, konpondu behar den arazo batetan fokua jartzen ari garela. Baina egoera aldatzeak, benetan aldatzeak erabateko iraulketa suposatzen du gizartean, lan munduan, koadrilatan, familian,…interes gehiegi daude eraldaketa hori eman ez dadin.

Matxismoa, heteropatriarkatua, munduan hedatuen dagoen ideologia da, eta hain barneratua daukagu –bai, guk ere, onartu nahi genukeena baino gehiago- askotan bakarrik muturreko adierazpenetan ikusten dugula bere itzala, batik bat indarkeria fisikoan. Horrela, fikzio bat eraiki da, non batzuek berdintasuna ikusten duten, Euskal Herrian legala bai baina erreala ez dena.

Gure ama eta amamek izan ez zituzten eskubideak dauzkagu, noski. Etxetik kanpo lan egin dezakegu bai, baina emakumezkoak nagusi diren arloetan egiten dugu eta, ondorioz, prekarioak direnetan? Etxetik kanpo lan egiteak lanaldi bikoitza suposatzen du oraindik? Erantzuna baiezkoa da.

Aurreko belaunaldiak ezin izan zuen baina guk gizonezko tutore baten baimenik gabe bidaiak egin ditzakegu. Hala ere, bakarrik edo beste emakumeekin goazenean, gizonen askatasun berdinarekin joaten gara edo zenbait egoeratan beldurra izatea da ohikoena?

Gizonen mailatik nahiko azpitik mantentzen gaituen kristalezko sabaia apurtu eta ardura handiko lanpostuetara iristean, gure gaitasunagatik baloratuak izatea lortzen dugu gure gorputza edo janzteko erari buruzko balorazioak entzun gabe? Oraindik ere “kupo” bat betetzen ari garela entzun behar dugu?

“Nire enpresan gizon eta emakumeek berdin kobratzen dugu” entzuten dugunean, zuzendaritza postuetan, maila ertainetan eta baxuenetan, prekarizatuenetan, zenbat emakume dauden galdetzen diogu gure buruari?

Oraindik gizonezkoenak diren sektoreetan interesa duten neska eta gazteek, zientzia izan edo kirola izan, horietan paper garrantzitsua izan duten emakumeen eredurik al dute?

Egia esanda, ez dugu adibiderik behar guztiok bizi baitugu gizartearen matxismoa egunero. Gazteenak festetara atera eta etxera bueltatzean taxia hartzen dutenean, jaiak neskentzako arriskugune sentitzen dutelako oraindik. Horren gazteak ez garenak, atzera begira eta lanaldi bikoitzarengatik, esango dutenaren beldurragatik edo (auto)ezarritako kortseengatik galdutako aukerak ikusten ditugunean. Ile urdinik ezin dugula izan esan eta era berean ilea tintatzeagatik harropuzkeria aurpegiratzen zaigunean.

Eta zer esan zaharrenei buruz? Frankismoa pairatu zuten, emakume zintzoek ezin zutela lan egin esan zieten eta orain pentsio kaka bat jasotzen badute, lanik ez zutelako egin dela entzun behar dute. Horiek, kosta ala kosta, leihoak zabaltzen joan ziren, izugarrizko ahaleginarekin eta feminismoari buruzko libururik inoiz irakurri gabe, beren alaba eta bilobek egoera hobeagoa izan dezaten.

Adibide bat: Martxoaren 3ko memoriaren beharrarekin sentsibilizatuta gauden kolektiboa ideologizatua da, eta 42 urte behar izan ditugu 76an borrokatu zuten gizonen alboan emakumeak zeudela eta horiek ere omenaldia behar zutela ohartzeko. Gizon horiekin batera egoera sufritu zutenak, greba egun gogorretan familia aurrera atera zutenak eta beraiekin batera lan egin zutenak.

Guk, Eusko Alkartasunako Arabako Herrialde Koordinadorako emakumeok, planto egingo dugu martxoaren 8an. Hori dela egin behar dugula sinisten dugulako eta ardurarengatik ere, izan ere, greba egitea posible dugulako et agure egoeragatik pribilegiatuak garela badakigulako. Emakume guztiok egunero diskriminazioa jasotzen badugu, horiek hainbat kolektiboetan biderkatzen direla badakigu, adibidez, migranteak, lesbianak edo transexualak.

Emakume guztiok etorkizun hobea merezi dugu. Eta gizon guztiek ere. Horretarako, plantoa egin eta gero, ibiltzen jarraituko dugu, arlo guztietan, militantziarenean ere. Izan ere Eusko Alkartasuna da presidente andrea izan zuen lehen alderdia baina guk ere autokritika egin behar dugu, eta politika ere gizonezkoek hartutako arlo adela aitortu.

Mundu mailako mugimenduarekin bat egitera dei egiten dizugu. Azken finean, noiz izango duzu herri guztietako emakumeekin martxa bat egin eta mundua aldatzeko mugimendu batetako protagonista izateko beste aukera bat?

Iratxe Lopez de Aberasturi, Eva Blanco, Estibaliz Ibañez de Gauna, Eli Zubizarreta