Martin Aranburu

Gizateriari zail egiten zaio askotan bere garaian gertatzen diren transformazio askoren benetako dimentsioaz jabetzea, eta historiaren perspektiba analitiko objektiboa izaten da urte batzuk pasatu eta gero aldaketa politiko, ekonomiko eta sozial askoren benetako garrantziaz jabearazten gaituena. Horren ondorioz, fenomenoak gertatzen diren heinean azpi-baloratuak izan ohi dira eta gizartea, aldaketa kualitatiboen protagonista izatetik transformazio horien pairatzaile izatera pasatzen da. Horixe gertatzen ari da gaur egun, mundu mailako ordenan erantzukizun garrantzitsua duten hainbat erakundek eraldaketa sakonak izaten ari baitira, besteak beste Nazio Batuen Erakundea eta Europako Batasuna.

Irakeko inbasioak argi utzi du NBEren erabaki ahalmena oso erlatiboa dela. Munduko Nazioen Batzarrak, Batzar Orokorrak alegia, ez du erabaki ahalmenik eta erakundearen benetako botere organoak, Segurtasun Kontseiluak ez du bere esku edozein naziok hartu lezakeen erabaki baten aurkako neurri efektiboak hartzeko baliabiderik. Erabaki komunek ez dute lortu aldebakartasuna eragozterik, eta estatubatuarrek, errusiarrek edo txinatarrek egingo luketen bezalaxe, nazioarteari dagozkion erabakiak hartzen dituzte beren interesen alde, nazioarteko legedia errespetatu gabe, eta NBEn egon litekeen gehiengo iritzia alde batera utziz. Mundua globalizatzen ari zaigun honetan, batzar bidezko diskusio eta erabaki dinamika lortu ahal izateko eman beharreko urratsak balazta kualitatibo handia izan du estatubatuarren jarreraren ondorioz, nabaria baita, potentzia batek nahiko nagusitasun duela gainontzeko nazioei eragiten dieten erabakiak hartu eta betearazteko.

Europako Batasunaren eraldaketa da bigarren fenomenoa. Hamar estatu sartu berri dira Batasunean, eta 25 estatuen batasun politiko eta ekonomikoa arautuko duen Europar Konstituzio bat da mintzagai egunotan. Urte gutxian sakonki aldatu behar izan dugu gure Europaren perspektiba: muga itxiko estatu desberdinen lurralde handi bat izateari utzi eta hizkuntza, erlijio eta bizimodu desberdinak biltzen dituen batasun politikoa bihurtu da, Lisboatik Budapesteraino zabaltzen den erakunde berri horren baitan kokatzen direlarik baita ere euskaldunen interesak.

Mundua izugarri aldatzen ari da. Estatu Batuak ordena bat inposatzeko gai dira eta Europan estatu erraldoi baten hazia landaturik dago. Gu ez gara, ordea, aldaketa horien pro- tagonista, eta asko jota, behatzaile objektibo legez aldaketa horiek konstatatu ditzakegu egunez egun hedabideetan. Ezkerra askatasunaz ari denean, honetaz aritzen da, askatasunaren ezinbesteko ezaugarria baita aldaketen protagonista izateko libre sentitzea.

Jatorria: Martin Aranburu