Euskal Herriko Mugimendu antimilitaristak 30. urteurrena ospatzen duen honetan, EUSKO ALKARTASUNA zein GAZTE ABERTZALEAKetik zinez zoriondu nahi ditugu urte guztiotan zehar ejertzitoen desartikulatzearen alde era ezberdinetan borrokatu diren pertsonak.

Eusko Alkartasunatik eta bere gazte erakundetik bereziki esker ona adierazi nahi diegu Gazte Abertzaleakeko edota EAko kideei, bi erakundeen lanketa antimilitarista garatu, gauzatu eta garaitu dutenei. Nabarmendu nahi dugu halaber, 90. hamarkadatik gaurdaino EAk eta GAZTE ABERTZALEAKek buru belarri jardun dutela militarismoaren aurka, eta ejertzitoak SOBERAN daudela argi eta garbi izaten jarraitzen dugu.

Lau hots ezkila beretik;
• Eusko Alkartasunako Idazkari Nagusi Pello Urizar, eta Nafarroako Parlamentuko mahaikide Maiorga Ramirez, Gazte Abertzaleakeko kide izanik, derrigorrezko soldaduskari intsumiso bilakatuz erantzun zioten, antimilitarismoaren alde gogor lan eginez.

• Antxon Belakortu, Gasteizko Bilduko zinegotzia, intsumiso izateaz gain, GAk garai horretan zuen Antimilitarismo idazkaritzako buru izan zen, soldaduskaren derrigortasunak iraun zuen bitartean.

• Imanol Murua, euskal, gipuzkoar eta zarauztar politikari handiak, bere herriko alkate zelarik, espainiar armadari Zarautzeko gazteen zerrenda emateari uko egin zion, soldaduskara derrigortu ez zitzaten gazteok. Horrek bere kargutik botatzea eragin bazuen ere.

• Juan Karlos Goienetxea Bermeoko alkateak, beste hainbat udaletako kideekin batera, EUDIMA sortu zuen, Euskal Udal Intsumisoen Mankomunitatea hain zuzen.

30 urteotako memorian bidaiatuz gero, badakusagu 1986. urtean espainiar estatua NATOko partaide izateko erreferendumean Hego Euskal Herriak garbi bota zuela bere ezezko borobila. Ezezko horrek gaurkotasun guztia mantentzen jarraitzen du.
Ejertzitoek ezer onik ez dakarte; gizartea garatu baino, hierarkikoki menperatu nahi dute, arrazoien ordez aginduak lehenetsiz. Gatazkak eta enfrentamenduak indarkeriarekin eta heriotzekin konpontzen dituen azpiegitura honetara zuzentzen den aurrekontu itzela ere lotsagarria iruditzen zaigu; krisi garaietan ere, hazten jarraitzen duen bakarrenetarikoa.

Orain 30 urte hartutako erabakiarekin harro sentitzen gara, eta printzipio horiek guztiz berrezten ditugula azpimarratu nahi dugu.

– Alde batetik, estatuaren indarkeria gaitzesten dugu irmoki. Instituzionalizatutako bortizkeria honek gizarteari kalte besterik egiten ez dioten oinarriak ditu: jarrera sexistak, homofoboak, xenofoboak eta baztertzaileak sustatzen dituen erakunde batek zer adibide eman dezake?

– Bestetik, egungo egoera politiko eta sozialean, gure herriak autu garbia egin du: bakea da gatazkak konpontzeko armarik eraginkorrena, eta beraz, erabat baztertzen ditugu guda estrategiak.

– Azkenik, espainiar estatuaren oinetakoek zapaltzen duten egoera ekonomikoan, defentsa ministerioaren aurrekontuak handikeriaz puzteak auzo-lotsez gorritzen dizkigu masailak. Hori guztiaren zati handi bat, gainera, Kupoaren bitartez gure poltsikotik irteten dela jakiteak are gehiago lotsarazten gaitu.

Munduan zehar handi-mandi dabilen erakunde bortitza finantzatzen dihardugu; guztiz kontrakoa zaigun sistema baten interesak eta printzipioak defendatzen dituena, eta munduko herri ezberdinak zapaltzen dituena. Bakea gordetzeko ejertzitoen beharra aldarrikatzen duenaren zentzugabekeria galanta salatu nahi dugu hitzon bitartez.
Azkenik, EAtik zein Gazte Abertzaleaketik, antimilitarismoaren eta mugimendu intsumisoaren mezuarekin batera, gure herriari loturiko beste aldarri bat egiten dugu gaurkoan: mendetan zehar gure herria zapaldu nahi duten indar okupatzaile eta armatu espainiarrak behingoagatik, behingoz eta betirako ospa egin dezatela; ez herritarrok, ez herriak ez eta egungo egoerak behar ez ditugulako.

Intsumisioa 1

GA Intsumisioa (2)

Militarrik gabe