Imanol Murua

IMANOL MURUAK ezingo du hauteskundeetara aurkeztu, kargu publikoak izateko bi urteko inhabilitazioa jaso eta gero. Zarauzko alkate zela, eta udalbatzaren aginduei jarraiki, uko egin zion soldaduskara joan behar zutenen zerrenda emateari eta auzitara eraman zuten. Helegiteek ez dute deus lortu eta Gipuzkoako Ahaldun Nagusi ohiak ez daki politika aktibora itzultzerik izango duen.

Kontu zahar batek utziko zaitu hauteskundeetatik at…

Bai, aspalditik datorren auzia da. 1996an akordio bat hartu genuen Zarauzko udalean intsumisoekin bat egiteko eta soldaduskara joan behar zuten kintoen zerrendarik Espainiako Ejerzitoari ez emateko. Hurrengo urtean deitu zuten zerrenda eske eta idazkariak, hartutako erabakiaren ondorioz, ezezkoarekin erantzun zien eta epaiketara deitu ninduten.

Baina zerrenda epaitegitik jasoa zuten, ezta?

Bai, eta, horregatik, Udalari zerrenda eskatzearen atzean bazegoen nolabaiteko asmoa. Emango ez geniela jakinda jo zuten guregana, Ejerzitoak kintoen izen-abizenak Zarauzko epaitegitik jasoak izan arren. Gu izorratu nahian ibili ziren.

Bermea jarri zizuten hasieran.

Deklaratzera deitu ninduten eta, guztion harridurarako, beste kasuetan ez bezala, 1.440.000 pezetako bermea ezarri zidaten. Hala, 1998ko abuztuan, alkate jarraitu ahal izateko, bermea jarri behar izan genuen. Gero, soldaduska profesionalizatu egin zen, eta in-tsumisioa despenalizatu. Ondorioz, epaiketa iritsi zenerako, errugabe geratuko nintzen uste osoa zuen nire abokatuak.

Baina orain arteko zigorrik hadiena ezarri zizuten…

Hala da. Bi urteko inhabilitazioa eta 2.160 euroko isuna.

Eta helegitea ere alferrik.

Bai. Helegitea aurkeztu genuen eta itxaropentsu egon ginen, beste alkate batzuk arazo berarengatik epaitu eta errugabe zirela erabaki zuen berbera baitzen ponentea. Alegiako alkatea epaitu zuen berbera zen, eta nire defentsa ere harena eraman zuena. Baina ez zuen helegitea on-tzat eman. Horregatik, indultua eskatu genuen eta bitartean zigorra bertan behera uztea.

Hauteskundeetara aurkezteko asmoz eman zenuen urrats hori?

Ez nekien aurkeztuko nintzen ala ez, baina nik erabaki nahi nuen eurek behartuta egin ordez.

Beste zenbait alkatek ere arazo bera izan dute…

Badira arazo bera izan eta alkate gisa jarraitzen duten alderdikideak, Urretxukoa eta Legazpikoa adibidez. Gainera, datozen hauteskundeetara aurkeztu ahal izango dira. Urre-txukoaren kasuan, zigortu zuen epaileak berak eskatu zuen haren zigorra bertan behera geratzea eta indultua jaso ahal izatea. Nire kasuan egoera oso ezberdina izan da. Hasieran fiskalak eta epaileak indultuaren alde egingo zutela esan arren, azken horrek berehala aldatu zuen iritziz. Goitik bestelako aginduak jasoko zituen.

Zer egon daiteke horren atzean?

Agian, ezagunagoa naizelako edo, eskarmentu handiagoa eman nahiko zidaten. Alde guztietatik begiratuta, nik egindako gauza bera egin zuten gainerako alkateei baino askoz tratu txarragoa jaso dut. Zeinek aplikatu du ondo legea? Gauza bera eginagatik ni zigortu nauenak ala besteak libre utzi dituenak? Gainera, haiek errugabe direla erabaki zutenean, intsumisioa despenalizatu gabe zegoen eta soldaduska derrigorrezkoa zen, eta ni zigortu nautenean ordea urrats hori egina zen. Hori da min eta amorru gehien ematen didana.

Politika utziko omen duzu…

Ez dut atsegin hori esatea. Zaila da bi urte barru zer jazoko den jakitea. Jende gazteari lekua egin behar zaiola uste dut, baina momentuan momentuko egoera aztertu beharko da. Dena den, herri mailan, alderdi barruan jarduteko asmoa dut.

Indultu eskaerarekin ez ei duzu aurrera jarraituko…

Nik ez nuen indultua eskatu nahi, baina zigorra sasoi baterako bertan behera uzteko bide bakarra zen. Hori lortu ez denez, indultu eskaerari uko egingo diot, hauteskundeetara aurkezteko berandu helduko baita. Ez dut hilabete ba-tzuk barru Galindo eta antzeko benetako gaizkileekin zerrenda berean agertu nahi.

Elkartasuna ez zitzaizun faltako…

Gure herriak nirea baino askoz arazo handiagoak ditu eta ez diot aparteko garrantzirik eman nahi, baina egia da jende asko hurbildu zaidala bere elkartasuna adierazteko. Ia lehen baino estimatuago hartzen nau jendeak.

Pena ematen al dizu hain ibilbide politiko aberatsa horrela itxi behar izateak?

Ez da gertatu ezer txarrik egin dudalako, baina beti ematen du pena honelako zerbait gertatzea. Ez nau inhabilitatu benetako Justiziak, minuskulaz idatzitakoak baizik. Aukeratu izan nauten hiritarrek ez naute inhabilitatu.

Zein balantze egiten duzu urte guzti horietaz?

Momentu on asko gogoratzen ditut. Latzak ere izan dira tartean, autobidearena arazoa eta EAJren banaketa adibidez. Nik azken hori gertatzearen kontra egin nuen, baina azkenean nire kontzientziaren arabera jokatu behar izan nuen.

Jatorria: Imanol Murua