Tontxu Campos (Ekonomia Sustapenerako Bizkaiko foru diputatua eta Eusko Alkartasuneko kidea) XX. mendean aldaketa
ugari gertatu dira batez ere enpresa munduan, eta orokorrean gizarte osoan.
Aldaketa horietatik garrantzitsuena emakumea gutxi-gutxika enpresaratzea izan
da, bai soldatapean —oraindik jarduera tasak oso urrun daude gizonen tasetatik
(%65ekoa, %42,6koaren aldean)—; hala ere, azken urteotan langabe kopurua
etengabe gutxitu da, gure autonomia erkidegoan %15,2koa, gizonezkoen %6,2koaren
aldean 2001ean (Para, Eustat) zuzendari edo enpresaburu gisa. Hala, tradizioz
gizonarena zen (gutxiago kualifikatuta dauden lanak izan ezik) espazioa berreskuratzen
da.
Alabaina, ezin
dugu gai hau zenbakien kontu honekin gutxitu. Ez da gizon-emakume arteko erlazioa
zein den jakin nahi mimetikoki ratio jakin bat eramateko enpresa, kultura, kirol
eta abarren mundura. Nire iritziz, beste bat izan behar da eztabaida. Gizarte
honek bere buruari galdetu behar dio nork egin dezakeen zer, nork dituen postu
edo lan zehatz bat betetzeko gaitasun eta jokaera, berdin delarik zein den sexua
edo pertsona gisa banakatzen gaituzten gainerako ezaugarriak. Hau dugu auziaren
iltzea, gizakiak gara eta gure gaitasunak frogatzeko aukera izan behar dugu,
baita gure ametsak lortzeko aukera ere.
Horretaz gain,
gizarte bezala XXI. mendean aurkitzen dugun beste erronka bat hauxe da: kide
guztiei aukera berdintasuna eskainiko dien sistema bat eratzea.
Industri Iraultzaren
hasieran, enpresak gizakia eragiletzat hartzen zuen. Gutxi-gutxika ikusi zen
bihotza genuela. Orain, oso argi dugu gizakiok burua ere badugula. XXI.a ezagutzaren
mendea izango da, eta, beraz, gizakion mendea.
Ez dakit orain
hasten dugun mende hau emakumearen mendea den, nahiz eta batzuek horrela agerrarazi.
Baina nik aski izango nuke mende hau gizon eta emakumeak gizarte justuago, aurrerakoiago
eta solidarioagoa egituratzeko gai diren mendea izatearekin, hau da, pertsonak
diren moduan baloratuko duena eta bikoteei euren lanbide garapena eta familiako
bizitza erraztuko diena.
Aurrerapena deitzen
dugun horrek ez badigu laguntzen gizartean dauden aldeak gutxitzera, ezingo
dugu esan inoiz gizarte justuago eta solidarioagoa eraikitzen ari garela. Hau
da gure erronka, eta gure esfortzu eraginkorrenak eskaini behar dizkiogu erronka
horri.
Jatorria: Eusko Alkartasuna