Euskal kantugintzak ahots handi bat galdu du.

Euskal politikagintzak, bihotz bero bat galdu du.

Euskarak, babesle ta bultzatzaile handi bat galdu du.

Euskal kulturak gogo bizi bat galdu du.

Euskal aberrigintzak buru argi bat galdu du.

Euskal Herriak bere askatasunaren aldeko langile fin bat galdu du.

Baina euskal Herritarrok, eta Europako estaturik gabeko nazioetako kideok zenbat irabazi dugun Manexi esker !

Gaur itzali zaigu, ekainak 7an, orain 77 urte Behenafarroako Landibarren piztutako indarra.

Izan ere Manex sortzailea izan da gazte gaztetik; idazle, kantugile, abeslari, olerkari eta aktore. Baina euskal kulturari egindako ekarpen aberatsarekin batera, aberrigintzan gartsu aritu den gizon handia izan da ere: Seaska, Gure Irratua eta Euskal Herriko Artistak elkartearen ernalketan egon da. Argi zeukan Manexek Euskak biziraun behar bazuen, hezkuntza, kultura eta hedapena izan behar zutela euskararen tresna nagusia.

Sortu eta gero, kudeatu: Baionako Euskal Museoko zuzendari, Euskaltzain, eta Alkartasuna Fundazioko kide izan da, eta baita EH Bai proiektuko sustatzailea, EAko militante eta zuzendaritzako kide urte luzez izatearekin batera.

Askatasunaren maitale izan da Manex; herritarron askatasunaren aldeko militante eta Herrien askatasunaren gudari. Bere arma eskutan, -gitarra-, zubiak eraiki zituen beste kultura europarrekin batera, Herriak anaituz, hizkuntzak bultzatuz eta kultura politikoak aberastuz.

Joan da Manex, baina bere ekintzaz, gogoz eta indarrez ernaldu dituen proiektuei esker, hurrengo belaunaldientzako eredu izango da.

Gure maitasuna, miresmena eta esker ona Manex!

https://eu.wikipedia.org/wiki/Manex_Pagola

http://www.badok.eus/euskal-musika/manex-pagola/

http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/pagola-manex/ar-106011/