Martin Aranburu. Eusko Legebiltzarkidea

Mila zortziehun eta laurogeita sei. Estatu Batuetako Chicago hirian zortzi orduko lanaldiaren aldeko aldarrikapenak konbokatu zituzten ezkerreko hainbat taldek. Ordenuaren aurkako ekitaldia zela argudiatuz, poliziak manifestazioa erreprimitu zuen, sei anarkista atxilotu eta jarraian epaitu. Garai horretako gainegitura kapitalistentzat epaiek erakusgarriak izan behar zutenez, etorkizunean gerta zitezkeen konbokatoria berriak ezereztatzeko sei anarkistak heriotza zigorrera zigortu zituzten. Anarkistak hiltzea lortu zuten, ez, ordea, langileen eskubideen aldeko borroka ezereztatzea.

Urte asko pasatu dira data horretatik. Hainbeste urtetan askotarikoak izan dira langileen, eta orokorki, sistema kapitalistagatik zapalduak izan diren munduko biztanleen borroka eta aldarrikapen dinamikak: iraultzak, askapen mugimenduak, estatu sozialistak, grebak, gudak eta abar luze bat. Eta urte horietan guztietan, gaurko eguna barne, Chicagon gertatutakoa gogoratzen dugu, bertan erreprimitutakoen eta eraildakoen omenez, beraien aldarrikapenak jarraikortasuna izan dutela, dutela eta izango dutela munduari gogoraraziz.

Ezin dut ukatu ezkerraren egoera txarra denik. Marxismoak suposatu duen oinarri teorikoak berriztapen bat behar du, XXI. mendeko kontzientzientzat alternatiba analitiko baliagarri bat eskaini ahal izateko, eta beronen ondorioz, berriz ere botere alternatiba bat izan dadin sistema honen eraldaketa prozesua sakonduz. Egoerak egoera, helburuak alde batera utzi gabe, maiatzaren bata ezkertiarren bilgunea da, eta egun horretan, alderdien eta sindikatuen deiari jarraituz edo norberaren kontzientziaren deiari jarraituz, Euskal Herriko kaleetan izan behar dugu ezkerra bizirik dagoela aldarrikatuz, sistema kapitalista honen bidegabekeriak salatuz eta beste mundu bidezkoago bat lortu nahi dutenen kontzientzien alienazioa gertatu ez dela frogatuz. Gaurko eguna ez dagokio soilik langileei, orokorrean alternatiba batetan sinesten dugunoi baino. Neoliberalismoa nagusi bada ere, lehenengo munduan konformismoa jaun eta jabe bada ere, bigarren eta hirugarren munduan itxaropena liberalismoan jartzen bada ere, ezkerrak bizirik dirau eta bere unearen zain jarraitzen du, urtero-urtero maiatzaren batean frogatzen dugun legez.

Artikulua bukatu nahi dut gaurko egunaz mintzatzen den Italiako abesti komunista zahar bat gogoratuz. Honela dio:

Un giorno per chi vive del lavoro,

un giorno per chi crede nel futuro,

un giorno per chi lotta con coraggio,

il nostro giorno il primo maggio!

Lanetik bizi direnentzako eguna, etorkizunean sinesten dutenentzako eguna, kemenez borrokatzen direnen eguna, maiatzaren bata gure eguna!

Jatorria: Martin Aranburu