Berriz ere Europako alderdiaren zuzendaritzan gaude

Lorena Lopez de Lacalle Arizti gure Nazioarteko Politikako idazkaria, Europako Aliantza Librearen (EFA-ALE) buru izateko hautatu dute berriz ere. Hautaketa alderdiak Bretainiako Naoned hirian ostegunetik gaur arte ospatu duen batzarrean eman da.

Beraz, alderdiak EFAko zuzendaritza edo “Bureau”-ren parte izaten jarraituko du gutxieneko agintaldiko hurrengo hiru urteetan. Herrien autodeterminazio eskubidea, giza eskubideak, eskubide zibil eta politikoak, eta kultura eta hizkuntza aniztasuna defendatzen dituzten 40 alderdi erregionalista, autonomista eta nazionalista ordezkatzen ditu gaur egun 1999an osatutako EFAk Europako Parlamentuan.

“Europak berak erreforma demokratiko sakon bat behar du, gaur egun benetaneragin nahi badu. Europa ez da bere potentzial guztia erabiltzen ari” adierazi du presidente hautetsiak Asanblada ixteko hitzaldian. Bere ustetan gakoa aniztasunean elkartuta eta batera agertzean dago. “Munduko bazkide ekonomiko indartsua bihurtu gara eta bagara, baina hala ere, bazkide politiko ahula gara nagusiki, ez garelako gai izan duela 75 urte sinatutako lehen konpromisoa bera betetzeko: aniztasuna benetan aintzat hartzearena hain zuzen ere”. Hortaz, “hautatu berri den exekutiba hau bidezkoagoa izan behar den guztion Europa lortzeko lanean buru belarri jartzen da gaurtik hasita”. Beharrezkoa balitz, Lopez de Lacalleren ordezkoa Aitziber Salazar Arresti izango da, Gasteizko zinegotzia.

Batzar Nagusian hogeita hamar mozio baino gehiago eztabaidatu eta bozkatu ditugu, EFA osatzen dugun 40 alderdietako askok aurkeztuta. Gehienak aho batez atera dira aurrera. Estaturik gabeko nazioen hizkuntza aniztasunaren defentsa edo Europako defentsa eredua bezalako gaiak nabarmendu dituzte besteak beste.

Gainera, alderdiok aukera izan dugu urteko txostena batzarrera aurkezteko. Atzo Eba Blanco de Angulo gure idazkari nagusiak hartu zuen hitza eta azpimarratu zuenez, “gure alderdiaren muinean beste alderdiekin harremanak sustatzea dago, herri akordioak lortzeko eta estatuko nazioen eskubidea aitortu eta bestetik ultraeskuina geldiarazteko”.

Bestalde, egunotan, EFAko Coppieters fundazioak ere bere asanblada egin du. Mikel Osinalde Melchor, Alkartasuna Fundazioaren ordezkariak foroan adierazi duenez, “fundazioaren lana oso garrantzitsua da eta are garrantzitsuagoa izatea nahi dugu, gure helburua alderdiaren ekoizpen politikoaren sortzaile nagusi bihurtzea baita”.Lorena

Bureau