Martin Aranburu Karrera Bederatzi bozketa egin eta gero normala da Mahaian dauden arduradunen hautaketak bigarren mailako interesa izatea eta hedabideek gutxiago erreparatzea kargu horien hautaketarako gertatzen diren gorabeherekin. Horietako batez aritu nahi nuke gaur.

Legebiltzarburuordeen hautaketaz ari naiz. Bi hautagai: Rafa Larreina EAkoa eta Miguel Buen PSE-EEkoa. Rafa Larreinak 32 boz lortzen ditu, EA, EAJ eta EBrenak alegia, eta Buenek 33, hain zuzen PSE-EE eta PPrenak. Eta EHAK-k? Zuri bozkatu zuen. Nire harridura pertsonala galanta izan zen. Zuri bozkatu? Ezin nuen pentsatu EHAK-k EA eta PSE-EEren artean hautaketa egiteko garaian bigarrena hautatuko zuenik, izan ere, EAk esana baitzuen Mahaiaren osaeran ordezkaritza demokratikoaren printzipioan oinarrituko zituela bere bozak eta beraz, EHAK-k Mahaian egoteko eskubide osoa zuenez, bere aldeko boza emango zuela Mahaiaren idazkaritza aukeratzeko unean.

Bestelako hausnarketa bat egiteko parada ere bada. Nik EAko kide naizela ezkutatzea inozokeria da; irakurle batek baino gehiagok artikulu hau subjektibotasunez josita egiten dudala pentsatuko du. Baliteke. Ez da nire nahia, halere. Nire ustez, azken urteetan ezker abertzalea agertoki politiko eta sozialetik kanporatzeko saialdia egin da, alderdi asko ezker abertzalearen ordezkaritzaren elkarrizketa ere ukatuz. EAko kide asko, zuzendaritza barne, apustu horren aurka aritu gara, ezker abertzalearekin normaltasun politikoa mantentzeko saiatuz, elkarrizketaz gain, estrategia eta saialdi politiko komunetan parte hartuz. Horrelako apustuen ondorio guztiez zeharo jakitun ginela egin dugu beti apustu politiko hori. Eta pentsatzekoa da eragileen arteko elkar-ekintza horretan, batak
bestearengatik ikasi egiten duela, edo behinik behin, bestea ezagutzeko ahalegina egiten dugula, bien arteko mesfidantzak gaindituz. Elkar ezagutze horren ondorioz, bi kultura politiko desberdinek bat egiteko guneak topatzen dituzte, eta are garrantzitsuagoa dena, bestearen kultura politikoarentzat ezinbestekoak diren esfortzuak identifikatzeko gai izan beharko genuke. EAk ez ditu esfortzu horretan gauzak ezin hobeto egin, baina esaterako, Nazio Garapen Biltzarrean EAk duen parte-hartzea esfortzu horretan kokatu behar da, gure kultura politikoan Euskal Herria
eraikitzeko beste modu batzuetan gehiago sinesten baitugu. Ezker
Abertzaleak EAren kultura politikoan Legebiltzarreko bozketa horrek duen garrantzia ulertu ez duela agerian geratu da.

Azken elementu garrantzitsu bat. Bozketa honen ostean idazkaritzarako bozketa heldu zen. EAk EHAKren aldeko boza eman zuen nahiz eta gobernukide den alderdiaren hautagaia ere aurkeztu.
Jatorria: Martin Aranburu