Eusko Alkartasunako zuzendaritzako kideak baieztatu duenez, ´ideal baten alde borrokatu zen eta zintzotasunez egin zuen´. Rafael Larreina EAko zuzendaritzako kideak Jon Idigoras hil ondoren gogora ekarri duenez, ´behin ezagutuz gero, eta komunikabideetan irudi oso zorrotza agertzen zuen arren, guztiz kontrakoa zen. Oso pertsona gogoangarria zen´.

Larreinak doluminak azaldu dizkie bere senideei eta onartu duenez, ´berarekin harremana izan ondoren, estimu handian nuen eta albisteak atsekabetuta utzi nau´.

Eusko Alkartasunako ordezkariaren esanetan, ´pertsona gogoangarri eta koherente gisa gogoratuko dut. Koherentea bere buruarekin: ideal baten alde borrokatu zen, zintzotasun intelektualez egin zuen, gainera, eta hori miresgarria da. Bere bizialdiko garai askotan ez gentozen bat formetan. Azken aldian ikuspuntu bera genuen. Koherentzia eta bere izaera abertzaleak markatu dute bere bizitza. Hemen jarraitzen dugunontzako eredua da, koherenteak izan eta herrialde hau maitatzen jarraitzeko eredua´.
Jatorria: Rafael Larreina