EAren ustez “ezin da ezer lortu” egunero Katalunia erasotzen duten horiengandik, “gaurko Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenak argi utzi duen bezala”

2015/12/2 – Eusko Alkartasunako zuzendaritzako kide Rafa Larreinak esan du EAJk erabakitzeko eskubidea ukatzen duela “PP eta PSOErekin akordioetara iristen den bakoitzean”. Zentzu honetan, Larreinak deia egin die jeltzaleei “behingoz” erabakitzeko eskubidearen aldeko edo kontra dauden argi dezaten. Larreinak adierazpenak egin ditu gaur arratsaldean Donostian, Euskal subiranotasuna Madrilen aurrean titulua duen hitzaldia eskaini aurretik. EH Bilduren ordezkaritza zabalak bultzatutako bloke horrek, egun oraindik Estatuan dauden beste nazioetako subiranotasunaren aldeko ordezkariekin batera, Espainiako zentralismoari aurre egingo dio. EAko bozeramaileak EAJren diskurtsoaren bi aurpegiak salatu ditu: “Madrilen autonomismoa sendotzeko tratuak egiten dituen bitartean, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen du hemen, mitinetan beti ere”.

Segidan gogoratu du Estatu mailako alderdiek Euskal Herriaren errealitatea ukatzen dutela: “Jeltzaleak sozialista eta popularrekin akordioetara iristen direnen bakoitzean, Euskal Herria kristalezko kutxa batean gordeta mantentzen duen giltzari buelta bat ematen diote, gizarteak gauzatu ahal izateko”, azpimarratu du Larreinak. “Ikusi besterik ez dago zer egiten duen Espainiako Estatuak Katalunia eta bere gizartea egunero erasotzen duenean: beldurra hedatu eta Justizia beraien onurarako bakarrik erabiltzen dute alderdikeria hutsez, gaurko Auzitegi Konstituzionaleko ebazpenak agerian jarri duen moduan. Subiranotasunari buruzko auziak ez dira gizartearen erabakiari muzin egiten eta ikuspegi politikoarekin lan egiten duten auzitegien bidez ezereztatzen”, esan du EAko bozeramaileak.

Larreinak agerian utzi du Madrilgo Kongresu eta Senatuan bloke “subiranista eta independentista” baten beharra, Estatuak euskal nazioa aitortzera behartzen duen konfrontazio demokratikoa aurrera eramateko, eta ez “epeltasunean eta bere interesen arabera mugitzen den aukera bat”.

Kontsulta legea
Eusko Alkartasunako ordezkariak Euskal Hiritarrak Ahalduntzeko Legeari ere erreferentzia egin dio: “EAJ eztabaidan sartuko da, baina ez dut oso argi euskal gizarteak bere etorkizuna erabakitzeri nahi duten”, esan du eta honako galdera luzatu die jeltzalei: “Eufemismoak alde batera utzi behar ditu eta argi erantzun behar du: erabakitzeko eskubidekoaren aldekoa edo kontrakoa da EAJ? Are gehiago, EAJ independentziaren aldekoa ala ez?”.