Eskualde autonomoak hauteskundeak egingo ditu laster, eta alderdi sozialdemokratak autonomian sakontzea proposatu du

Kontzertu Ekonomikoaren eredua azalduko du bihar Leire Pinedo, EH Bilduko Legebiltzarkidea eta Eusko Alkartasunako kideak Novi Saden (Voivodina, Serbia). Aliantza Libre Europarrak Serbiako eskualde autonomoko Alderdi Sozialdemokratarekin elkarlanean antolatutako hitzaldi batean parte hartuko du Pinedok. Lorena Lopez de Lacalle ALEko presidentea eta Eusko Alkartasunako idazkariak ere hitzaldian parte hartuko du.

LSV, Voivodina alderdi sozialdemokrata eta ALEko kidea, apirilean egingo diren hauteskundeen aurrekanpainan murgilduta dago, eta autonomian sakontzearen aldeko programarekin aurkezten da. Hori dela eta, gaur eta bihar, ALEko kide diren alderdietako ordezkariak bilduko dira “Eskualdeen papera eta EBn integrazioa” izeneko hitzaldian, Batasunaren barruan estaturik gabeko nazioen esperientzien inguruko informazioa biltzeko helburuarekin.

Leire Pinedoren ustez, “LSVrentzat eredu garrantzitsua da kontzertu ekonomikoa, Voivodinarentzat autonomia handiagoa bilatzeko ahaleginean”. Horrela, Pinedok azalduko du Kontzertua Europar Batasunak berak bermatzen duen ekonomia eta finantza esparrua dela, eta esparru horretan txertatzen dela, “EBk babestutako sistema bat” dela azpimarratuz, “Estaturik ez duen erakunde bati bere zerga-politika propioa antolatzeko aukera ematen diona, mugak dituela ezkutatu gabe”.

Eusko Alkartasunarentzat egun hauetan Voivodinan egiten ari den bezalako topaketak “oso garrantzitsuak dira Herrien Europa soziala eraikitzeko bidean, justizia sozialean oinarrituta eta alderdiak aldarrikatzen dituen sozialdemokraziaren eta subiranotasun politikoaren printzipioekin”.

Jill Evans galesak, Jordi Solé katalanak eta Lorena Lopez de Lacallek parte hartuko dute, beste besteak beste, Pinedorekin batera bihar izango den hitzaldian.