Martin Aranburu Karrera Lizarra-Garaziren ondorioz, alderdi abertzaleen arteko lan komunean sakontzen hasi eta gaur egungo Estatutu Erreformaren debatean amaituz, beren burua euskal abertzaletzat ez duten alderdi politikoek salaketa politiko nagusi bat izan dute: bi motako euskaldunak sortu nahi zituztela abertzaleek. Antza, euskal abertzaletasunaren helburua omen zen abertzaleentzat soilik izango zen Euskal Herria diseinatzea; gainerakoak trenak hartuta Euskal Herritik kanpora joan beharko ziren, edo geratuz gero, eskubide zibil gutxiagoko hiritarrak izango ziren Lekuz kanpoko salaketa, baina, gure biztanlegoaren ehuneko oso urri batentzat sinesgarritasun izpiren bat bazuena. Bada, konstituzionalistek arrazoi zuten. Beren larritasunen erdigunea zen susmoa egi bihurtu zaigu, eta gaur egun Euskal Herrian bi mailako euskaldunak ditugu: eskubide zibilen jabe garenak eta ez direnak.

Beren bizitzako uneren batean ezker abertzaleko zerrendaren batean joan direnak, sindikatu zehatz bateko kide edo militante direnak, senitartekoren bat preso politikoen bisitan joan direnak, sostengu agiri batzuk sinatu dituztenak, desobedientzia zibil ekintzetan parte hartu dutenak, eta hori gutxi balitz gazte, emakume, droga-menpekotasun, nazioarteko elkartasun edo euskalduntze arloetan interesaturik egonik talderen batean parte hartzaile izan direnak zerrenda beltzean daude milaka eta milaka euskaldun. Errolda ofizialak bi zati dauzka: batetik, zerrenda beltza, teorian gizartean daudenak baina eskubide zibil askorik gabekoak, eta bestetik, zerrenda zuria, eskubidedun subjektu guztiak batzen dituena.

Aspaldiko Atenasko banaketa datorkit berriz ere burura: hiritarrak eta metekoak. Atzerritarrak ziren bigarrenak, Atenasen bizi zirenak baina hautatzeko eta hautatuak izateko eskubiderik gabekoak. Atenasko demokrazia zentzu zorrotzenean aplikatu nahi digu baten batek guri! Gaur egun, milaka euskalduni kendu egin baitzaie hautatuak izateko eskubidea, eta are gehiago, zerrenda bat sostengatzeko eskubidea ere bai. Gaia serioa izanik, hain handiak dira egiten dituzten ankerkeriak ezen zalantza bat datorkit burura: AG zerrenda sostengatu dutenek, beste edozein kanpaina sostengatzeko eskubide zibila al dute? Edo legez kanpokotzat joko da? Greenpeace, Iternational Amnesty… ere aplikatuko al zaie?

Alemaniarrek besokoa jartzen zieten zerrenda beltzetan zeuden gizakiei. Kausaren araberako kolorea. Hemen ere antzekoa gertatuko da dinamika berdinean jarraitzen badute. Euskal Abertzaleek sekula egitea pentsatu ez genuena espainiarrek egin eta aplikatu egiten digute: bi kategorietako biztanleak. Eskubide gabe eta betebeharrekin. Esan bezala, arrazoi zuten konstituzionalistek. Ondo zekiten bai zer zen zetorrena.
Jatorria: Martin Aranburu