Tontxu Campos. Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko Saileko foru diputatua

Arestian, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko Saileko ekonomi txostena argitaratu dugu. Nire ustez, komenigarria da txosten hori irakurtzea, kontsultak egiteko liburu interesgarria baita. Bertan ageri denez, munduko ekonomiak hazkunde erritmoa moteldu zuen oso, zalantzarik gabe, nazioarteko merkataritzaren geldialdian, enpresaburuek eta kontsumitzaileek konfiantza galdu zutelako Irailaren 11n gertatutakoa dela eta. Testuinguru horretan, estatuko eta euskal ekonomiaren jarduera moteldu egin da, baina ekonomiok (%2,8 eta %3, hurrenez hurren) Europako Batasunekoa (%1,7) baino gehiago hazi dira. Bizkaiak hazkunde erritmo handiari eutsi dio (%3), hau da, EAEkoaren antzekoa eta Estatukoa baino handiagoa (%2,8), eta bereziki, Europakoa (%1,7) baino askoz handiagoa izan da; abagune horri esker, Europako herrialde nagusiekiko bateratasunerantz egin dugu etengabe.

Lehen aipatu txostenaren arabera, 2001. urtean, Bizkaiko lan merkatuak hobera egin du, hau da, enplegua aise gehitu da (%3,9) eta langabezia erruz gutxitu da (-%20). Halaber, 2001. urtean, Bizkaiak azken urteotako langabezia tasaren gutxitzeari eutsi dio, eta gaur egun, Eustatek emandako datuen arabera, langabezia 10,2koa da. Horrez gainera, 2001. urtean, gure lurralde historikoan, 85.154 enpresa establezimendu zenbatu genituen, eta establezimenduok sortutako enplegua %1,7 hazi zen, 378.887 langileko kopurura iritsi arte. Epe horretan bertan, Bizkaian, 8.444 establezimendu zabaldu ziren, hau da, aurreko urtean baino %2,2 gehiago. Bizkaian, berriz, 2.908 sozietate eratu ziren, hots, aurreko urtean baino %4,8 gehiago; horren harira, azpimarratu nahi nuke kopuru hori azken hamarkadako kopururik handiena dela.

Bizkaiko ekonomiarentzako aukera onak

2002ko aukerei dagokienez, nazioarteko organismo nagusien ustetan, munduko ekonomiaren moteltzeak behea jo du 2001. urtearen bukaera aldean (salbuespen garrantzitsuren bat kontuan izanik, esaterako, Japoniako eta Argentinakoa), eta jarduera osoaren berreskurapena etorriko delakoan daude, eta, NMFren ustetan, aurten mundu ekonomia %2,8 hazi daiteke. Jakina denez, Estatuko gobernuaren iritziz, hazkundea %2,4koa izango da; Eusko Jaurlaritzaren aburuz, ordea, Euskal Autonomia Erkidegoko hazkundea %3koa izango da. Bizkaiko ekonomiaren aukera makroekonomikoei dagokienez, esan behar dugu abagune onean gaudela, eta urteko BPGren hazkundea 2001. urtearen antzekoa izango dela, hau da, Europako Batasunekoa baino handiagoa. Edu bertsuan, Bizkaiko enpresen aukerak onak dira. Izenburuan agertu bezala, konfiantza berreskuratzen ari gara. Irailaren 11ko gauetik esnatzen ari gara, eta gure ekonomia osasuntsua da.

Bizkaiko Ekonomia Sustapeneko Sistemaren 2001eko aurrekontua 20.279.000 eurokoa izan zen. Diru horretatik, 12,333 milioi Ekonomia Sustapeneko Sailekoak izan ziren, eta 7,945 milioi, berriz, bere sozietate publikoetakoak (BEAZ, CEDEMI, DZ eta Seed Capital).

Amaitzeko, denok ukitzen gaituzten datu batzuk aipatu nahi nituzke: Ekonomia Sustapeneko Sailaren 2001eko programen emaitzen artean, azpimarratu behar da 156 enpresaren sorkuntza bultzatu dela, eta 1.356 lanpostu sortuko datekeela; 380 enpresaren lehiakortasuna hobetu dela; eta 93 enpresari eman zaiela laguntza informazio gizartearen barrura biltzeko. Jarduketa horiei atxikitako inbertsioak 145 milioi eurokoak izan dira.

Aurten, 2002. urtean, Ekonomia Sustapeneko Sailak 197 enpresa sortzen lagundu du, 1.680 pertsonarentzako lanpostuak sor daitezke, eta 110 milioi euroko inbertsioa egin da; horrez gainera, 12.000 pertsona enplegatzen dituzten 663 ETEren 44 milioi euroko inbertsioa diruz lagundu dugu; eta zerbitzuak eskaintzen dizkiegu 45.000 pertsona enplegatzen duten Bizkaiko 1.135 enpresari.

Jatorria: Tontxu Campos