Kataluniako erreferendumaren jarraipenerako bilera egingo du igandean Gasteizko Eusko Alkartasunak arratsaldeko 7,30tatik aurrera. Gasteizko Alkartetxean izango da, (San Prudentzio kalean) eta alderdiko militante guztiak daude gonbidatuta, baita hurbildu nahi duten gasteiztarrak ere.

Angela Vilagrán, eakide eta ANC Euskal Herriako kideak parte hartuko du bileran, eta Katalunia dagoen egoerara nola iritsi den azaltzeko ardatzak azalduko ditu. Ondoren guztien arteko eztabaida zabalduko da, eta bitartean Kataluniako komunikabideekin bat egingo da erreferendumaren egun historikoaren azken orduaren berri izateko. Bertaratutakoentzat askaria izango da, kataluniar produktuekin, eta cavarekin topa egingo dute Kataluniako etorkizunaren alde.

Gasteizko Eusko Alkartasunako Koordinatzaileak azaldu duenez, bilera antolatu da “jakin badakigulako igandean militantzia osoa Kataluniari so egongo dela eta begirada hori guztien artean egiteko aukera ematea egoki ikusi dugulako, bide batez iristen diren berriekin hausnarketa komuna egiteko”.